Zumaiako hitz bereziak: ESTALAPE

Ea santelmoetarako berritzen duten Kofradiaren ondoko estalapea.

Gabon garaian naximentuak prestatzeko erabiltzen den elementu bat aukeratu dugu, Belengoa gogoan, aurtengo azken hitza izateko. Proposamenak eta oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Goia estalita eta alboak libre dituen babeslekuari esaten diogu Zumaian “estalapea” (ahoz “estalapia”). Hiztegietan ohiko era “estalpe” da, baina antzeko gehiago ere badaude Orotariko Euskal Hiztegian: estalbe, estaupe, estolpe... Hortxe dator “estalape” ere, Azpeiti inguruan jasotakoa dela zehaztuta, eta Brigida Ibarbiak esan digunez, Oikian ere “estalipia” esaten diote baserri ondoko aterpe irekiari.

Manuel Aizpurua apaizak Zumaiako portuari buruzko lantxo bat egin zuen 1960 inguruan, eta hara nola deskribatu zuen Kofradia ondoko babeslekua:

La casa que en propiedad tiene en el mismo puerto la Cofradía de Mareantes de San Telmo, tiene un soportal al que le llaman "estalape". En él están colocados el barómetro, el termómetro y una tabla de anuncios para todo lo que se refiera a cosas de mar. En el estalape se depositan los carros con redes, tinas, etc. De este lugar hay acceso a la lonja y a un típico bar, departamentos éstos que ocupan el bajo del edificio. Este lugar (el estalape) suele estar concurrido por marinos ancianos y por gentes que consultan los instrumentos citados. En verano hay quien hace las consumiciones del bar en este mismo lugar.

Zumaian toki jakin hori izendatzeko erabiltzen da gehienbat, baina hitz generikoak eman dio izena lekuari. Zumaiako Udalak “Estalapea” izena jarri zion 2020an pandemia garaiko itxialdian antolatutako ekimen bati:

Zumaiako Udalak aterpe berri bat sortu dio herriko agendari. Dantza emanaldiak, tailerrak, haurrentzako jolas zein eskulanak, hitzaldiak, erakusketak eta bestelakoak elkartuko dira Estalapean.

Webgune honetan bertan topatu dugu adibide bat, Imanol Azkuek 1977ko bideo bati buruz idatzi zuenean:

Euskarazko liburuen eta diskoen azoka, Durangoko handia Estalape txikira ekarria.

Baleike aldizkarian “Estalapetik” izenburuko zutabe batzuk ere argitaratu ziren 2004 inguruan, Jose Luixek eta Arritxuk sinatuak. Hemen adibide batzuk:

Estalapian ibiltze geazenak’e ez gattuk oaintxe mollako aparkamientuan kabitzen.

Daunekoz batxuk hiru bat aste; estalapian gitxibian (non bestela egualdi harekin) eta belarritakoz jositako gazte bat bildu huan gurena, lotsatu xamar.

Batzuk ondo bizi txun, ondogi. Denbora nola pasa etzikine ta hor ibiltze txun, batei punta atea ta bestiai zirixa sartu, estalapian.

Eta hemen aldizkariko beste adibide batzuk:

Anaden egin zan afari batean erabaki gendun elkartea sortzia, eta hurrena Santa eskian erten ginan elkarterako dirua biltzeko" gogoratu du Jexuxek. "Lenengo sokak erosteko ere almejeta erten eta harrapatutakuakin zozketa egin ginun estalapian”.

Honela, kontzertu garrantzitsuenak mojetan izango badira ere, Mari kalean, estalapean, 'Goiko' aurrean eta parroki aurrean ere entzun ahal izango dira Mozart, Vivaldi eta konpainiaren piezak.

Santelmotan rock pixka bat behintzat egoteko inprobisatu eta Zumaiako estalape maitean behingoz horren "bailableak" ez ziren kantak entzuteko aukera izan genuen.

Estalapean tope egin eta Kofradiako bentako gelara igo gara hitz egitera.

Txikitan biok zenbat jolastu / ote genuen batera, hogeitik behera kontatu eta / korrika izkutatzera, joaten ginen estalapeko / posteren baten atzera.