Gure santelmo maiteak

BIDEOA: Herriko jaiak, San Telmo 1977

Baleike 2020ko api. 24a, 08:00

Joseba Zubiaurrek utzitako altxor bat daukagu gaur zuei erakusteko: 1977ko San Telmo jaien bideo dokumentala. Ia ordu erdiko filma da, zoragarria, garai haietan jaiak eta herria nolakoak ziren deskubritzeko lan paregabea. Emanaldi berezi hau aberasteko, Imanol Azkueri eskatu diogu bere begiekin konta diezagula bideoan ikusi duena. 

Herriko jaiak, San Telmo 1977

Imanol Azkue

Non zeunden 1977an, duela 43 urte? Bizi baldin bazinen, zer egin zenuen orduan santelmoetan? Zer duzu gogoan? Eta artean ez bazeunden, zer dakizu garai hartaz?... Angel Lerma zuzendari, Joseba Zubiaurre egile eta Mari Mertxe Irureta soinu hartzaile, irudi hauek 1977ko santelmoetara eramango gaituzte. Oroitzapenak guregan lo egoten dira, noiz edo zeinek esnatuko zain, eta baietz irudi hauekin zerbait piztu.

Hauxe gomendioa: lehenengo, irudiak ikusi, ahal baduzu ondoan adineko batek lagunduta edo garai hura bizi zuen norbaitekin; gero, egin elkarrekin galderak eta gogoetak. Hona hemen nire batzuk.

Zenbat olatuk jo dute Itzurungo hondartza, aurrera-atzera, San Telmo ermitara iritsi nahian, ezinean, baina azpia jan eta jan… Zenbat olatuk jo zuten lehengo barra zaharra, baina lehengoa, e, hareharrizko autentikoa? Danba eta danba, patxadaz eta iraunkor… Baina zer duzu nahiago, lehengo xarma edo oraingo segurtasuna?

Kareharrizko galtzada-harri karratuak Zumaiako herriguneko zoruan, Itziar/Debako harraldetik itsasontziz ekarriak eta pazientzia handiz jarriak XIX. mendean, kla-kla-kla kosketan salto autoek, bizikletek, ume kotxeek... Baina zer duzu nahiago, lehengo xarma edo oraingo erosotasuna, modernitatea, aurrerabidea?

Arbillagaren zaku fabrika, gero Balenciagaren lantegia, “Arriba España” letra handiz idatzita ofizinetan, iragan industriala eta historikoa herriaren erdian, Ondartxon. Begira autoei! Seat 127, Citroen GS, Renault 5, Seat 600… Gran Hotel Amaya, handitasun zaharkitua, lehen oparoa bezain orain alferrikako eraikintzarra, eta garabia ere berdin, uretara erori aurretik, ezertarako ez. Moilako zoru ilunean lerro zuriak marraztuta, eskubaloian jokatzeko eremua, kontuz lurrera eroriz gero, belaunak eta besoak urratu gabe. Uralar edo Sota sabelandi bat prestatzen astilleroetan, noiz uretaratuko zain. Non daude belaontzien mastak, Bredako lantzak, Santiagoko paduran? Zer duzu nahiago, lehengoa edo oraingoa?

Batel estropada errioan. Gure gazteak dena ematen, ohi bezala. Non aldatzen dira, ordea, arraunlariak, itsas kiroldegirik gabe? Nondik uretaratzen ontzia, pantalanik gabe? Non gordetzen dituzte batel, trainerilla eta traineruak? Zer da dutxa beroa?

Badator musika… Jo ezak berriro, Isidro Tana, rapatapata, rapatapata, jo ezak danborra txistulariekin, danborradan, fanfarrearekin, bandarekin, jo ezak berriro, Tana, taupada azkarrak festaren bihotzean. Egon, badator eta beste musika bat, alaiagoa… Trikitilariak… zigarro bihurtutako puru bana ahoan… nekez kantatuko dute horrela… aire-aire!

Euskarazko liburuen eta diskoen azoka, Durangoko handia Estalape txikira ekarria. Picassoren Guernica koadroa zintzilik atzeko paretan. Xabier Letek ez du amets haundirik, ez du zeru ederrik eskaintzeko… Eta zuk? Zer amets duzu? Zer zeru espero duzu?

Jendea zutik eta geldirik Kofradiaren aurrealdean, zain. Justanekoak balkoia apaintzen ari dira, bandera igoerarako, eta euria dator. Irratiz ari dira ematen zuzenean. Giroa gori dago, baina entzungo al dituzte entzuleek hemen ozen kantatzen direnak? Kalera, kalera, borrokalari, kalera… Aupa, gizona [pertsona], jaiki mutil… Katxaperoek xirrist zeru beltzean eta danba, lehertzera doa festa, eta hasi da euria. Badator musika… gastadoreak desfilatzen… soldaduak eskopetak bizkar gainean… Alardea gurean? Eta non daude emakumeak? Neska batek ikurrina darama eskuetan, arraunlariez inguratuta; txistulariak datoz atzetik, batzuk kaikuak jantzita.

Tomas Urbieta Kofradiako balkoian. Besoz mantxua da, Gerran zauritua. Zer gerra?, galdetuko dizu edozein gaztek. Ikurrina Kofradiako balkoian, aurtengo nobedadea, alajaina! A zer ikuskizuna! Bandera hau egin berria da, eta urteak beharko ditu distira kentzeko, ez badute lehenago ahazten Kofradian, txokoren batean; hiru hilabete besterik ez dira pasatu legalizatu zutenetik, eta egun batzuk lehenago atera zuten De la Hoz getariarrak, Kortabarriak eta Iribarrek Atotxako derbian, denen pozerako; orain arte azaldu da kukuka bezala, baina azkar asko kendu dituzte txapelokerrek edo haien laguntzaileek: parrokian, kanpandorretik zintzilik; Ardantzabiden, San Telmotik Kastorrenerako argindar kabletik alderik alde, Julio Beobideri omenaldia egin zioten egunean, a zer ikuskizuna eliz ataritik Algorri zuloaren aldera, a zer poza; Talaimendin, aldaparen erdi-erdian, belar berdearen gainean… Eusko gudariak gara… Eta tiro eskopetek! Lasai, airera ari dira eta. Franco aspaldi hil zen, baina ez da egin hauteskunderik, ekainean izango dira lehenak. Nola botatzen den ere ikasi beharko dugu. Demokraziaren oinarria omen da. Eta zuk zer botatuko duzu? Jo du danborradak eta badoaz aurrera.

Egon, ordea… Denek ez dute alde egin. Gazteak presente pankartarekin, eta bat karrakari eragiten, rakarrakarraka. “Zumaiko gazteak futbol-lekua behar-dugu”, gazte gara gazte eta ez gaude konforme Itzurunen, Santiagoko paduran, Paolaldean, kalean… jokatzearekin... Egurko ondoko zer, Basustan? Zer da Ayra Durexeko anexoa? Zer da belar artifiziala?

San Telmo kalea banderez apain-apain eginda, santuaren zain, baina horra hor non dauden kotxeak azeraren gainean, kendu gabe. Badator solemne, arranditsu prozesioa, Erriberatik. Ateri dago, behintzat. Ertzetatik, azeretatik aurrenekoak, kale erditik, atzetik, segizioa. Philipsen iragarki handia Galdonarenean, eta ikatz almazena atzealdean, gero piraguistek erabili zutena, eta luistarren zentroa izandakoaren aztarnak. Joakin Kurriño itsasoan izango zen, semeak darama eta bandera orlegia… Gero, ermitan elizkizuna amaitu bitartean, bistadizoa Itzurun hondartzari, beti bezain eder, bajamarrean. Ikurrina gora eta behera bezperan, baina a zer piperpotoa Kofradiako erdi-erdiko balkoian, prozesioa pasatzen denean…

Orduan bai sasoia, orduan: gezurretako kornetak erosita, baietz musika bandak baino hobeto jo gureak, zuzendari eta guzti, e? Baietz Bixente, Xabier, Joseba, Luis… Orduan bai! “Hemen, hi, hemen, atera guri, Joxeba!”.

Parrokiatik hasita Andremaria arteko barridoa kamerarekin ezkerretik eskuinera, etxe asko zaharkituak, batzuk desagertzeko edo erabat berritzeko zorian. Hiru andarika santelmoak ospatzeko prest, brankadan gora lehorrera, Itzurunen… Dantzari txikiak Beheko plazan, frontoiaren aurrealdean, eta “Ministerio de Trabajo” idatzita Hogarrean. Odieta frontoia beteta, eta atzealdeko paretaren azpian jarlekuak ere jarri dituzte; pilota hauek nekez ailegatuko dira errebotera. Baietz ezagunak aurkitu…: Carballo aita-semeak, Alberdi, Lisbona, Azkue, Ostolaza, Galarraga Proes… Bertsolariak mojetan, serio demonio... Batzuk ezagutu ditut: Amuriza, Lopategi, Azpillaga, Lizaso aita-semeak, Muniategi… “Abertzaleak gera gu”, amaitu du bertsoa Joxe Lizasok. Aurrealdeko jarlekuak hutsik daude.

Jendea dator Erriberan barrena, olatuak Itzuruna bezala, elkarri helduta, saltoka-saltoka,. Atzetik, banderak, eta Itxasgain fanfarrea, onenean, dena ematen; jotzea da garrantzitsua, ez nola, eta amaieran doazen turutatzarrek baietz eraitsi parranda oztopatzen duten Jerikoko horma guztiak. Jende gehiago atzetik, zenbat eta atzerago, lasaiago.

Hori guztia ikusirik, galdera bat datorkit: baina benetan santelmoak dira? Hala baldin bada, zer tradizio klase da hau? Non daude arrantzale blusa urdinak? Non zapi koadrodun zuri-urdinak lepoan? Non txapel beltzak? Non sare pusketak paparrean? Non kortxoak, koañak, gezurretako olagarrotxoak…?

Dena aldatu da, eta ez da ezer ere aldatu, aldi berean. Aurtengoa bai, ordea, berezia… Ez dago esan beharrik zergatik, ezta?