Arrauna

Barruranzko luzean joan zaio aurten Kontxako bandera Zumaiari

Baleike 2015ko ira. 13a, 17:52

Kontxako Bandera bigarrenez irabazteko erronka zuten gaur Telmo Deuneko emakumeek, baina ezinezkoa izan da. Ziabogan estropada buruan zen Zumaian, baina barruranzko luzean San Juan eta Hibaika trebeago aritu dira eta Zumaiak hirugarren postuarekin konformatu behar izan du.  

Goizeko 9:30an itxaropena piztu da zumaiarren artean. Kale zozketan hirugarren kalea egokitu zaio Zumaiari –Oriok atera du bolatxoa–, eta lehena San Juani. Metro pasako olatuak ipar-mendebaldetik zetozela ikusita, batek baino gehiagok ikusi du Zumaia faborito.

Estropadak, ordea, uretan jokatu behar dira. Zumaiak ondo ekin dio lanari. Kanporantz muturra erakutsi dute eta ziabogara bi segundoko aldea zuten San Juanekiko, bosteko Hibaikarekiko –Zumaiak 5:20, San Juanek 5:22, Oriok 5:24 eta Hibaikak 5:25—. Gaur, ordea, barruranzko lanean zegoen koska. Poparean nork asmatu, hor zegoen koska. San Juanek ziaboga eman orduko hartu du lehen olatua; Hibaikak ere trebetasuna erakutsi du eta bost segituan errekuperatu du bost segundoko atzerapena. Zumaiak hor egin du kale. Ez du olatuan asmatu eta hor joan dira aukera guztiak. San Juan eta Hibaika gainean ikusi dituzte eta ohartu dira ametsak ihes egingo ziela. Irlatik barrura San Juanek eta Hibaikak txanpa bikaina egin dute eta Zumaiak hiorugarren postuarekin konformatu behar izan du.

Helmugan, San Juan garaile (10:38), Hibaika bigarren (10:40), Zumaia hitugarren (10:44) eta Orio laugarren (10:57). Bi igandeak kontuak hartuta, hau izan da azken sailkapena: San Juan 21:15, Hibaika (21:18), Zumaia (21:23) eta Orio (21:48).

Donostiako kaira lur jota iritsi dira Zumaiako arraunlariak. Burumakur, negarrari eutsi ezinik, buruan zeukaten estropada egiteko gauza ez direlako izan. Hala ere, arranplan bildutako zumaiarren babesarekin eta txarangaren bultzadarekin pixkanaka animoa berreskuratu eta Kontxako festan murgildu dira azkenean. Aurten  jarritako bi helburu nagusiak, Euskotren Liga eta Kontxako Bandera, ezin izan dira bete; baina ezin esan denboraldi txarra egin dutenik, 17 bandera irabazi baitituzte. Orain atseden hartu eta etorriko da hurrengoan pentsatzeko garaia.