Espero ez bazuen ere, ostiralean lortu zuen Janire Gonzalez-Etxabarrik Parisko Olinpiar Jokoetarako txartela. Puerto Ricoko Munduko Surf Txapelketan izan da surflari gaztea, eta Nadia Erostarbe zarauztarrarekin batera bidaiatuko du udan Tahitira, Olinpiar Jokoen barruan izango den norgehiagokan parte hartzera.
Atzo heldu ziren biak Euskal Herrira. Ordurako, Loiuko aireportuan zain zituzten ingurukoak zein surf kideak sailkapena ospatzeko. Ikurrinak, surf taulak eta Olinpiar Jokoetako banderak eskuan hartuta jaso zituzten, nork bere herrirako bidea hartu aurretik.
Aireportura joateko aukerarik izan ez zutenak ere ospatu zuten Gonzalez-Etxabarrirekin. Eguzki sarrerarekin batera elkartu ziren surf zaleak Itzurun hondartzan, eta gogotik ospatu zuten surflari gazteak Puerto Ricon lortutakoa.
Parisko Olinpiar Jokoak uztailaren 26tik abuztuaren 11ra jokatuko dira, eta surfeko lehiaketa Tahitiko Teahupo'o olatu sonatuan jokatuko da, Paristik 15.000 kilometrora.
Zorionak! Merezitako Olinpiar txartela lan gogorraren ondoren.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!