Parisko Olinpiar Jokoetarako sailkatu da Janire Gonzalez-Etxabarri

Baleike 2024ko mar. 1a, 22:20

Puerto Ricoko Munduko Surf Txapelketan lortu du Gonzalez-Etxebarrik Olinpiar Jokoetarako txartela. 

Janire Gonzalez-Etxabarrik ezusteko zoragarria eman du gaur Puerto Ricok jokatzen ari den Munduko Surf Txapelketan, Parisko Olinpiar Jokoetarako jokoan zegoen txarteletako bat eskuratu baitu. Atzo Nadia Erostarbe zarauztarrak lortu zuen lehen txartela, zumaiarrak gaur arratsaldean eskuratu du bigarrena. Janirek berak aitortu du ez zegoela bere planen artean gaur Jokoetarako sailkatzea, besteak beste, duela hilabete eta erdi belauna bihurritu zuelako. Hala ere, "bukaera arte konfiantza izan dugu, talde lana egin dugu denon artean, eta oso pozik nago Nadiarekin noalako Jokoetara".

Janirek seigarren errepeskan lortu du Pariserako sailkapena. Txanda horretan bigarren sailkatu da 11.43 punturekin, Siqi Yang txinatarraren atzetik (11.83). Gainera, Munduko Txapelketako lehian jarraituko du asteburuan, hamasei onenen artean sartu baita.

Parisko Olinpiar Jokoak uztailaren 26tik abuztuaren 11ra jokatuko dira, eta surfeko lehiaketa Tahitiko Teahupo'o olatu sonatuan jokatuko da, Paristik 15.000 kilometrora. 

Janire Gonzalez-Etxabarri Puerto Ricon. Argazkia: Sean Evans / ISA