Juana Montañok eta Ruben Ruzafak irabazi dute XIV. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa

Juan Luis Romatet 2023ko urr. 8a, 14:37

Ana Hernandez eta Ibai Angulo izan dira lasterketa laburreko irabazleak. Bostehunetik urre korrikalarik hartu dute parte bero handiarekin jokatutako lasterketan. Emakumeen parte hartzeak gora egin du trailaren edizio honetan.

XIV. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa jokatu da gaur goizean. 556 korrikalarik hartu dute parte antolakuntza berriarekin korritutako lehen edizio honetan. Antolakuntza berria, baita distantzia berriak ere: 42 kilometroko maratoia historiara pasa da, eta haren ordez 23 kilometroko lasterketa jokatu da aurten. Proba laburra ere korritu da, 15 kilometrokoa. Distantzia aldaketarengatik akaso, aurten emakumeen parte hartze handiagoa izan da: 60 karrera luzean eta 69 laburrean. Zumaiarrek ere erruz erantzun dute, eta 148 herritarrek korritu nahi izan dute traila.

Bero handiarekin jokatu da gaurko lasterketa. Horrek, baina, ez ditu kikildu goizetik Gurrutxaga plazara bertaratu diren korrikalariak. Goizeko 9:30ean abiatu dira lasterketa luzerako izena eman duten 358 korrikalarik. Trail laburreko 198 korrikalariak ordu erdi beranduago atera dira, goizeko 10:00etan.

Lasterketa luzean, gizonen mailan, Malagan (Andaluzia, Espainia) jaio baina azken urteetatik hona Aizarnazabalen bizi den Ruben Ruzafa Cueto izan da irabazlea 1:42:10 denborarekin. Ibilbide zehar jarritako kontrol puntuetan lehen postuan igaro da Ruzafa eta 4:29ko aldea atera dio bigarren sailkatu den Beñat Bereziartu lazkaotarrari (1:46:30). Hirugarren Igon Manzisidor zumaiarra izan da, 1:47:20 denborarekin.

Emakumeetan, berriz, Juana Montaño Garcia Salamancako (Gaztela eta Leon, Espainia) korrikalaria izan da azkarrena 2:10:10 denborarekin. Bigarren kontrol puntuan bigarrena zen, baina azken kilometroetan hobeto moldatu da sailkapenean bigarren sailkatu den Nerea Urteaga Sorazuren aurretik; 2:11:55 denbora egin du zumaiar gazteak. Hirugarren Leire Olazabal debarra sailkatu da, 2:17:08 denborarekin.

Lasterketa laburra, berriz, Ibai Angulo azpeitiarrak bereganatu du gizonezkoen kategorian: 1:03:49 denboran egin ditu lasterketako 14 kilometroak. Bigarren Unai Barruetabeña Amilibia zumaiarra izan da, 1:07:00 denborarekin, eta hirugarren Peio Ziarsolo errezildarra, 1:07:07 denbora eginez.

Emakumeetan, Ania Hernandez gasteiztarra igo da podiumeko goiko postura. 1:17:37 denborarekin irabazi du 14 kilometroko Flysch Traila. Bigarren Maite Urteaga Sorazu izan da, 1:20:55 denborarekin eta hirugarren beste zumaiar bat, Jule Olaizola Amilibia, 1:21:39 denborarekin.

Hemen ikus daitezke lasterketak eman dituen sailkapenak eta denborak.