Ruben Ruzafa: "Jendearekin, zaletuekin eta ezagutzen dudan herriarekin disfrutatzeko gogoa nuen"

Juan Luis Romatet 2023ko urr. 8a, 15:37

Ruben Ruzafa helmuga puntuan. (Gorka Eizagirre)

Malagan (Andaluzia, Espainia) jaioa, Ruben Ruzafa korrikalaria Aizarnzabalen bizi da. Berak irabazi du XIV. Zumaia Flysch Traileko lasterketa luzea.

Nola bizi izan duzu lasterketa?

Egia esan, dezenteko lasaitasunarekin. Ia ezustekoan hartu dut parte lasterketa honetan, orain bi aste jokatutako Xterrako munduko txapelketaren ondoren. Parte hartu nezakeen edo ez; antolakuntzari eskatu nion parte hartu ahal izatea eta baiezkoa eman zidaten. Baziren urte batzuk disfrutatzeko gogoa nuela.

Malagan jaioa zara, baina Aizarnazabalen bizi zara. Seguruenez ezagutuko zenuen lasterketa. Aurretik parte hartu duzu?

Lehen urtea da parte hartzen dudala. Aspalditik nuen honen berri, baina egutegi kontuengatik zaila nuen lasterketa hau korritzea. Aurten egutegia libratu dut, eta jendearekin, zaletuekin, ezagutzen dudan herriarekin disfrutatzeko gogoa nuen.

Ibilbidea zer iruditu zaizu?

Oso polita da. Aurrez egin dut, entrenatzen, eta izugarria iruditu zitzaidan. Egin duen egunarekin eta animatzera hurbildu den jendearekin, izugarria izan da. 

Beroa egin du, eta eragin dit, gehienbat hamabigarren kilometrotik aurrera. Mangerekin bustitzea eta ibilbidean zehar ura jartzea eskertu dut karrera bukatzea lagundu dit eta.

Berriro korritzeko asmorik ba al duzu?

Espero dut gehiagotan parte hartzea. Seguru gauzak zailago jartzen dizkidatela!