Beobideren bidetik sormenari txikitatik ateak zabalduz

Juan Luis Romatet 2023ko urr. 7a, 15:33

Julio Beobide artistaren inguruan Ibane Astigarraga zumaiarrak egindako sormen lanaren emaitza ikusteko aukera izan da gaur Torreberrin. Bertaratu diren haurrek beraien sormena lantzeko aukera ere izan dute.

Zumaiako Udalak iaz eman zituen sormen beken emaitzak ikusteko aukera izan da azken asteotan. Kareletik lana aurkeztu zuen Esti Curielek irailaren amaieran; gaur, berriz, Ibane Astigarragaren txanda izan da.

Zumaiar gazteak Julio Beobide artista hartu du sormen lan honetarako gai bezala. Beobideren figura haurrengana eraman nahi izan du Astigarragak, eta horretarako ipuin bat eta ariketa praktiko bat prestatu ditu. 

Ipuin kontaketa batekin hasi du aurkezpen ekitaldia Astigarragak. Irene Iruretak egindako ilustrazioez lagunduta, Beobideren ibilbidea kontatu du era atsegin batean, txikia zenetik artista famatu bihurtu zenera arte. Ondoren, haurrak ispilu aurrean kokatu ditu, eta plastilinarekin egindako figurak egitera animatu ditu.