Esti Curiel: "Barrenak mugitu dizkidate emakumeen testigantzek"

Gorka Eizagirre-IntzaTrula 2023ko ira. 27a, 09:18

Udalaren sormen beka jaso zuen joan den urtean Esti Curiel (Zumaia, 1986) aktore eta sortzaileak, eta bihar ‘Kareletik’ lanaren lehen zertzeladak plazaratuko ditu herritarren aurrean. Aurkezpena alondegian izango da, 19:00etan.

Hemeretzi urte daramatzazu antzerki munduan, bai aktore modura, baita sortzaile modura ere. Nola animatu zinen zure proiektua sormen bekara aurkeztera?

Hemeretzi urte daramatzat antzerkiaren munduan, eta gehienetan sortzetik egin dut lan. Askotan, ikasi dudan moduagatik, nire proiektuak aurrera eramateko joera izan dut, inguruko kideekin batera. 2019an sortu nuen 35 huts obra, eta proieku hori niretzat erronka bat izan zen. Egitasmo hori amaitutzat eman nuenean, beste proiektu batean pentsatzen jarri nintzen, eta ikusi nuenean Zumaiako Udalak sormen beka jarri zuela martxan, aurkeztea erabaki nuen.

Kareletik du izena sortzen ari zaren proiektuak, eta lanaren ideia bazkaloste batean otu zitzaizun...

Egun batean, etxean geunden familian bazkaltzen, eta etxekoen oso laguna den Pili Aizpurua ere gurekin zegoen. Piliren senarra itsasoan ibilitakoa zen, eta nik hori entzunda nuen, baina halako batean, bera ere behin senarrarekin eta tripulazio guztiarekin itsasora joan zela kontatu zigun. Bere senarrak hilabete asko igarotzen zituen itsasoan, etxera oso gutxitan etortzen zen, eta egun horietako batean kapitainak eurekin itsasora joateko gonbita egin zion Piliri; hark baiezkoa eman zion. Casablanca (Maroko) egon zirela kontatu zigun, eta beste mila lekutan ere bai; harrituta geratu nintzen kontatu zidanarekin.

Ordura arte, pentsatzen nuen emakumeak etxean geratzen zirela eta etxeko lanez arduratzen zirela senarrak itsasora joaten ziren bitartean. Pilik kontatutakoarekin konturatu nintzen oso interesgarria zela horrelako emakume baten istorioa; nola joaten zen emakume bat gizonez betetako itsasontzi batean, azken finean, senarrarekin pixka bat egon ahal izateko. Horrez gain, hasi nintzen pentsatzen herrian geratzen ziren emakume haiek ere zeinen garrantzitsuak izan diren gure gizartearentzat, eta euren bizitzarekiko interesa piztu zitzaidan. Pentsatu nuen horrelako istorio pila bat egongo zirela herrian. Garai batean, Zumaiako portua merkataritza portu garrantzitsua izan zen, eta gaur egun hori zertxobait aldatu bada ere, itsaroarekin daukagun harremanak bizirik jarraitzen du. Gainera, nik ere harreman handia dut itsasoarekin: ikaragarri gustatzen zait, asko lasaitzen nau bertan egoteak eta itsasoan bainua hartzeak eraberritu egiten nau.

Beraz, lurrean geratzen ziren emakumeen ahotsa izan al zara?

Asmoa hori izan da. Azkenean, uste dut gizartearen isla direla emakume horiek; beraiek bizi izan dutena etorri zaigu ondoren guri.

Proiektuaren lehenengo zertzeladak aurkeztuko dituzu bihar arratsaldean Alondegian; hau da, senarrak itsasoan izan zituzten hainbat emakumeren bizipen eta esperientziak.

Hori da. Hainbat emakume zumaiar elkarrizketatu ditut denbora honetan, eta oraindik bide luzea dudan arren, bihar lehenengo pausoa aurkeztuko dut. Orain arte hainbat testigantza jaso ditut, hala nola senarrak itsasoan izan zituzten emakumeenak, arrandegia izan zuten herritarrenak, arraina saltzen zutenen kontakizunak, saregile baten istorioak… Bihar elkarrizketa horietan ikusi eta sentitu dudana aurkeztuko dut herritarren aurrean. Zerk inspiratu nauen erakutsiko diet; egia esan, barrenak mugitu dizkidate emakumeen testigantzek. Lan kuriosoa izan da.

Agian, hasiera batean imajinatuko ez zenituen kontuak atera dituzu elkarrizketa horietatik, ezta?

Bai, bai. Batzuetan gure imajinazioak gauzak politago irudikatzen ditu, eta gero, eurekin hitz eginda, ikusten duzu askoz ere normalagoa zela guztia beraientzat. Askok zera esan didate: "Hau izan da bizi izan duguna, eta listo". Azkenean, bakoitzak bere bizitza izan du. Beste istorio batzuk entzuten nituen, eta pentsatzen nuen oso kontakizun gogorrak zirela, eta indar asko izan zutela emakumeek aurrera ateratzeko. Lan asko egin behar izan zuten herritar batzuek euren familiak aurrera ateratzeko.

Elkarrizketetan kontatu dizkizuten horiekin sentitu duzuna herritarrei helaraztea izango al da biharko helburuetako bat?

Bihar herritarrei emakume horien istorioa plazaratu nahi diet, baita nigan izan duten eragina azaldu ere. Uste dut emakume horien istorioak ondare bat direla eta beharrezkoa dela jakitea nola bizi ziren duela urte batzuk nahiz nondik gatozen gu.

Proiektua Zumaian aurkeztu ondoren, zabaltzeko asmorik ba al duzu?

Kontu hori oraindik zintzilik dago. Lan asko geratzen da oraindik antzezlana osatzeko. Ez dakit oraindik zer forma hartuko duen, zenbat jende egongo garen lanean proiektuan… Ez dakit oraindik oso ondo nola egingo dudan. Badakit inspirazioa izango direla testigantzak, eta printzipioz, antzezlanean ez dut inoren istoriorik kontatuko. Antzezlana aurrera ateratzea lortzen badugu, Zumaian aurkeztuko dugu, noski. Gainera, udalarekin asko aritu izan gara elkarlanean, eta niretzat Zumaian plazaratzea beti da plazera.

Material dena hartu eta forma ematea izango da hurrengo pausoa.

Orain dena gatzunetan jarri behar dugu, eta zer daukagun ikusi. Lan gehiago eginda eta ekoizpenari ekinda, agian beste era batera ikusiko ditugu gauzak, eta ziurrenik, pare bat hilabete uzten badizkiot, beste kolore bat hartuko du proiektuak. Ziurrenik, beste ideia batzuk etorriko dira. Beharbada, elkarrizketa gehiago ere egingo ditut.

Zer ikusiko dute bihar Alondegira bertaratzen diren herritarrek?

Biharkoa ez da izango hitzaldi bat, ezta antzezlan bat ere. Zerbait ezberdina izango da, baina ez dezala inork pentsatu hitzaldi bat entzutera joango denik, ezta antzerki obra bat ikustera joango denik ere. Agian, orain arte egin ditudan lanak ikusita, jendeak pentsatuko du antzezlan bat egingo dudala, baina ez da horrela. Herritar guztiak eta interesa duen oro gonbidatzen dut biharko saiora.