Elkarretaratzea deitu du Mugimendu Feministak bart gaueko ziztada salatzeko

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 13a, 15:14
Amaiako plazan gertatu zen atzo ziztada.

Amaiako plazan bart gauean ziztada bat jaso izana salatu du emakume batek. Hori salatzeko, elkarretaratzea deitu du Zumaiako Mugimendu Feministak. 12:00etan izango da, Saregileen plazan.

Bart gauean gertatutako "erasoa salatu eta emakumeari babesa "agertu nahi dio Mugimendu Feministak igande eguerdian egingo den ekintzaren bidez. Plazaratutako oharrean jasotzen duenez, sumisio kimikoa sexu erasoan "beste forma bat da". "Baina argi dugu, substantzia kimikoa eduki ala ez, kide bat ziztatzea emakumeok* beldurtzeko modua dela, eta indarkeria matxista dela!", dio oharrean. "Halako erasoekin gure askatasuna mugatu nahi dute, beldurtu egin nahi gaituzte, eta kontrol sexuala ezarri nahi dute gureak ere badiren jai giroetan. Beldurtuta, txiki eta bakarrik nahi gaituzte, baina gu elkarren ondoan egongo gara".

Mugimendu Feministaren esanetan, ziztada kasua ez da Euskal Jai egunean gertatutako eraso bakarra. "Nazkatuta gaude festa giroan jasan behar ditugun begiradez, komentarioez, ukituez eta bestelakoez. Horietako asko 'normaltzat' hartzen baditugu ere, bada garaia dena aldatzen hasteko. Kaleak, gauak eta jai-giroak guztiontzako aske eta atsegina behar du izan, eta horretarako guztion erantzukizuna ezinbestekoa da".

Oharrean jasotzen dutenez, "argi" dute non jarri behar den fokua: "gizonek erasotzeari utzi behar diote eta indarkeria matxistan duten erantzukizunaz kargutu". Horrekin batera, guztientzako askeak izango diren espazioak sortu behar direla diote.