Igandean kontzentrazioa: eraso matxistarik ez! Kaleak eta gauak gureak dira!

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Mugimendu Feminista 2022ko abu. 13a, 15:00

Euskal Jai Egunean gertatutako ziztada kasua dela-eta, erasoa salatu eta emakumeari babesa agertzeko, elkarretaratzea egingo dugu igande honetan, eguerdiko 12:00etan Saregile plazan.

Sumisio kimikoa ez da berria gurean, sexu erasoen beste forma bat da, askoren artean. Baina argi dugu, substantzia kimikoa eduki ala ez, kide bat ziztatzea emakumeok* beldurtzeko modua dela, eta indarkeria matxista dela!

Halako erasoekin gure askatasuna mugatu nahi dute, beldurtu egin nahi gaituzte, eta kontrol sexuala ezarri nahi dute gureak ere badiren jai giroetan. Beldurtuta, txiki eta bakarrik nahi gaituzte, baina gu elkarren ondoan egongo gara.

Zoritxarrez, ziztada kasua ez da Euskal Jai egunean gertatutako eraso bakarra. Nazkatuta gaude festa giroan jasan behar ditugun begiradez, komentarioez, ukituez eta bestelakoez. Horietako asko “normaltzat” hartzen baditugu ere, bada garaia dena aldatzen hasteko. Kaleak, gauak eta jai-giroak guztiontzako aske eta atsegina behar du izan, eta horretarako guztion erantzukizuna ezinbestekoa da.

Hori horrela, argi dugu non jarri behar dugun fokua: gizonek erasotzeari utzi behar diote eta indarkeria matxistan duten erantzunkizunaz kargutu. Horrekin batera, guztiontzako askeak izango diren espazioak sortu behar ditugu.

Gogoratu:

  • Eraso bat jasan edo ikusiz gero, bilatu inguruan babesa, eta erantzun egokien ikusten duzun moduan.
  • Jakin Zumaiako Mugimendu Feministarekin harremanetan jarri zaitezkeela.
  • Ziztadaren bat sumatuz gero, deitu 112 zenbakira.

Hemen duzu eraso matxisten aurkako protokoloa: