Hiru lehiaketa antolatu dituzte Santelmoak Etxetik egitarauaren barruan

Baleike 2020ko api. 17a, 12:09

Santelmoak etxetik egitaraua prestatu duen gazte taldeak lehiaketak ere antolatu ditu asteburu honetarako. Hiru lehiaketa egingo dira, eta irabazleak Baleike.eus webgunean emandako botoekin erabakiko dira. 

Hiru lehiaketa antolatu dituzte Santelmoak etxetik egitaraua prestatu duten gazteek. Festen lehen asteburuan egunero izango da lehiaketa bat, baina irabazleak erabakitzeko botazioak datorren astean egingo dira, Baleike.eus webgunean.

Balkoi originalena

Larunbat arratsalderako balkoi originalaren lehiaketa antolatu dute. Balkoia arrantzalez janztea proposatzen dute, eta argazkiak ateratzea. Argazki horiek, parte hartzailearen izen-abizenekin, 623 03 21 34 WhatsApp zenbakira bidaliko dira. 

Bozketa Baleike.eus webgunean egingo da, apirilaren 21ean, 09:00etatik 21:00etara bitartean. Irabazleak hurrengo egunean jakinaraziko dira. 

Balkoi bozkatuenak Gertu ostalarien eta merkatarien saltokietan erabiltzeko 50 euroko erosketa txartel bat eramango du. Parte-hartzaile guztien artean 30 euroko beste txartel bat zozkatuko da.

Pintxo lehiaketa

Iganderako pintxo lehiaketa proposatu dute egitarauaren antolatzaileek. Parte hartzaileek pintxoa kozinatu edota prestatu, eta haren argazkia 623 03 21 34 WhatsApp zenbakira bidali beharko dute. Ez ahaztu parte hartzailearen izen-abizenak jartzea.

Bozketa Baleike.eus webgunean egingo da, apirilaren 22an, 09:00etatik 21:00etara bitartean. Irabazleak hurrengo egunean jakinaraziko dira. 

Pintxo bozkatuenak Gertu elkarteko jatetxe eta tabernetan erabiltzeko 50 euroko txartela jasoko du. Parte hartzaile guztien artean 30 euroko beste txartel bat zozkatuko da.

Bertso lehiaketa

Astelehenean egingo dute bertso lehiaketa. Parte hartzaileek bertsoak bideo bidez (bideo horizontala) bidali beharko dituzte 623 03 21 34 WhatsApp zenbakira. Bertso guztiak 18:00etan irratitik entzun ahal izango dira.

Bideo bakarra bidali ahal izango da, eta bideo bakoitzean, gehienez, bi bertso izango dira. Gaia 'Santelmoak Etxetik' izango da.

Bertso onenaren bozketa Baleike.eus webgunean egingo da apirilaren 23an, 9:00etatik 21:00etara. Irabazlea hurrengo egunean jakinaraziko da.

Bertso bozkatuenak urrian ospatuko diren santelmoetako bertso saiorako bi sarrera eramango ditu.