Ehunka lagunek hartu dute parte larunbateko eraso sexista gaitzesteko manifestazioan

Baleike 2019ko eka. 17a, 20:41

Larunbat gauean Zumaian izandako eraso sexista salatzeko manifestazio jendetsua egin da gaur arratsaldean. Erribera kalea ertz batetik besteraino bete dute martxan parte hartu duten ehunka lagunek. 

Larunbat gauean gertatu zen erasoa bi emakume gazte etxera bidean zihoazela. Gizonezko batek atzetik jarraitu zien eta erasotu egin zituen. Gaurko manifestazioa deitu duen Mugimendu Feministak aditzera eman duenez, bi emakumeek erasotzaileari aurre egin zioten Ertzaintza iritsi bitartean. "Ordurako ihes egin zuen erasotzaileak, baina beranduago identifikatu zuten". 

Erasoaren jakitun, hau gaitzetsi eta Mugimendu Feministak deitutako manifestazioan parte hartzera deitu dute, besteak beste, Zumaiako Udalak eta Berdintasun Foroak. Deialdiak erantzun handia izan du eta ehunka lagunek hartu dute parte Saregileen plazan hasi eta, Beheko plazatik igaro ondoren, Kofradiako plazatxoan amaitu den manifestazioan. "Etxerako bidean emakumeok* aske! Erasoen aurrean autodefentsa feminista!" leloa zeraman pankarta baten atzean egin dute martxa.

Amaieran idatzi bat irakurri dute: "Zenbat aldiz joan gara etxera bidean pausua azkartuta? Zenbat aldiz atzera begira? Zenbat aldiz beldurtu gara gizon bat atzean nabaritu dugunean? Eta zenbat aldiz deseroso sentitu ilunetan gizon-talde baten aldamenetik igarotzean? Zenbat aldiz eraman ditugu giltzak eskuan, eta zenbat aldiz itxi portaleko atea kolpe batez sartu orduko? Zenbat aldiz itxaron diogu elkarri, etxera bidea bakarrik ez egiteko? Zenbat aldiz pentsatu bi aldiz zein bide hartu?", gogoratu dute.

Halako erasoen aurrean autodefentsa feministaren erabilera balioan jartzea eskatzen dute. "Zoritxarrez eraso eta indarkeria ugari eta anitzak jasan behar ditugu emakumeok, baina ez gara gehiago txikituko. Batera indartsuak gara". Eraso eta indarkeria oro salatzen dituztela ere azpimarratu dute. "Baina aldi berean ahalduntzean eta autodefentsa feministan egin nahi dugu azpimarra".

"Ez dugu beldurrez bizi nahi. Eta ez gara beldurrez biziko. Ezin dugu ezikusiarena egin, ordea. Badira emakume izateagatik soilik bizi ditugun arrisku eta biolentziak. Baina horien aurrean, elkar babestuko dugu. Gure buruak indartu eta elkar zainduko dugu. Erasorik ez erantzunik gabe! Eraso sexisten aurrean, autodefentsa feminista!", esanaz amaitu da ekitaldia.