Alejandro Zearreta: "Milaka urteko historia dago gordeta errioko basatan"

Gorka Zabaleta 2018ko mai. 11a, 16:59
Alejandro Zearreta, mikropaleontologoa (EHU)

Labarretako haitzetan bakarrik ez, errioko basatan ere milaka urteko historia irakurtzeko gaitasuna dute zientzialariek. Geoparkearekin elkarlanean Urolako itsasadarrean egindako ikerketaren berri eman digu Alejandro Zearreta EHUko mikropaleontologoak.

Errio bazterretik begiratuta, ez da bereziki erakargarria: hondoa estaltzen duen geruza gris-marroi iluna baino ez da; Moilatik uretara salto egin eta hankarekin ukitzera iritsi denak ere ez du esango oso atsegina denik: higuingarria da askorentzat; bakarren batek, oraindik ere, estimatuko du arrantzarako loiarrak –zizareak– biltzeko toki paregabea delako... Baina nork pentsatu behar zuen zientzialarien ikertoki izan zitekeenik? Urola itsasadarraren historia osatu du Alejandro Zearreta mikropaleontologoak, basa aztertuta.

Noiz eta nola sortu zen Urolaren itsasadarra?

Duela 8.500 urte, Kantauri kostaldeko beste itsasadarrekin batera.

Eta zer gertatu zen duela 8.500 urte itsasadarrak sortzeko?

Duela 11.700 urte arte, itsasoaren maila orain baino 120 metro beherago zegoen, bertikalean neurtuta. Klima hotzagoa zen, eta ur asko izoztuta zegoen. Zumaia paretik erreka bat jaisten zen, eta beste 10 edo 20 kilometroko bidea zuen itsasoratzeko. Baina duela 11.700 urte klima aldatu egin zen, berotzen hasi zen, eta izotza oso azkar urtu zen. Itsasoaren mailak gora egin zuen eta indar handiz sartu zen erreketan gora. 

Beraz, duela 11.000 urte, Ekain inguruan bizi zirenentzat, kostaldea ez zegoen Zumaia parean, 10 edo 20 kilometro urrunago baizik...

Hala da. Arkeologoek asko espekulatzen dute garai haietako giza asentamenduak non kokatuta ote zeuden. Haietako batzuk itsasoaren azpian egon daitezke gaur egun.

"Duela 8.500 urte sortu zen Urolaren itsasadarra, Kantauri kostaldeko beste itsasadarrekin batera"

120 metroko igoera hura zenbat urtetan gertatu zen?

Duela 11.000 urte inguru hasi zen eta duela 3.000 urte amaitu.

Hori ikaragarria da...

Urtean, batez beste, zentimetro bat.

Horrek esan nahi du orduko gizakiek belaunaldi bakarrean iger zezaketela itsas mailaren igoera...

Hala da. Oso ondo ikusten da Ipar Itsasoan. Duela 10.000 urte han ez zegoen itsasorik, eremu lehorra zen. 40-50 metroko ur sakonera du gaur egun. Arrantzaleek mamuten letaginak eta hezurrak ateratzen dituzte tarteka. Itsasoak hartutako lur haiei Dogerland deitzen zaie eta gizakien kultura mesolitikoaren aztarnak daude. Gizaki haiek beren larruan ezagutu zuten zer zen itsasoaren maila oso azkar igotzea. Handik alde egin behar izan zuten kontinentera.

Eta imajina ditzakegu garai hartan aitona-amonak bilobei kontatzen arbasoen etxea itsasoak irentsi zuela...

Hain zuen ere, zenbait ikertzailek garai haietako itsas mailaren igoerarekin lotzen dute uholde unibertsalaren kondaira. Ahozko tradizioan, oso logikoa da itsasoak bizitokia irentsi ziela belaunaldiz belaunaldi kontatzea.

Duela 11.000 urte inguru hasi zen itsasoaren maila igotzen; baina beti abiadura berberan?

Ez. Izotzaren parterik handiena duela 7.000 urte arte urtu zen, eta orduan sartu zen itsasoa indar handiz ibaietan gora. Ondoren, igoera moteldu egin zen; eta duela 3.000 urte gelditu egin zela uste da, zero maila deitzen diogu. Baina gaur egun egoera aldatzen ari da...

Berriro gorantz hasi al da?

Bi milimetro urtean, mareografo eta paduretako erregistroen arabera. Oraindik ez dira pasa milaka urte ondorioak neurtzeko, baina joera hori mantentzen bada, arazo larriak aurreikus daitezke, gaur egun biztanleriaren gehiengoa kostaldean bizi delako.

Erriotik azaleko laginak hartzen.

Zumaiarrek basa piloa ikusten dute errioan, itsasbehera denean. Baina zer lodiera dauka geruzak?

Argitu behar dut sakonera handiko zundaketak errio bazterrean egiten ditugula, lehorrean, errioan bertan makinekin lan egitea oso zaila delako. Baina emaitza berdina da, sedimentua berbera delako. Urolan, 26 metro inguruko geruza neurtu dugu hondoko haitzeraino.

Beraz, 8.500 urtean, 26 metro sedimentu pilatu da Urolan.

Bai. Eta, adibidez, Beduan egindako zundaketan ikusi dugu han dauden padurak duela 1.200 urte sortu zirela. Erromatarrak gure kostaldean ibili zirenean, artean ez zegoen padurarik Beduan. Padurak datatzea oso garrantzitsua da guretzat, beren bilakaeraren historia guztia gordetzen dutelako barrenean, eta argi erakusten dutelako une bakoitzean itsasoaren maila noraino iritsi den.

Zundaketetan zer bilatzen duzue, zehazki?

Adierazle geologikoak. Mikrofosil oskoldunak, metalak edota data jartzen laguntzen diguten arrasto organikoak: oskolak, materia begetala...

Zundaketa sakonagoak egiteko makina.

Zertarako? 

Mikrofosil motaren arabera, jakin dezakegu eremu horretan itsasoaren eragina handia zen edo ez, espezie bakoitzak baldintza jakin batzuk behar dituelako bizitzeko edo garatzeko. Horrela jakin dezakegu duela 5.000 urte marearteko gune bat ote zen, itsasoak eragin handia zuen edo ez, padura ote zen, paduraren bilakaera, noiz hasi zen gizakia ingurune hura eraldatzen, kutsatzen... Hori guztia jakin dezakegu adierazle horiek aztertuta. Azken finean, denboraren kapsula bat da itsasadarreko basa. Hamaika aldiz aipatu da labarretako geruzak Lurraren milioika urteko historiaren orrialdeak direla; kasu honetan, milaka urteko historia dago gordeta errioko basatan.

"Denboraren kapsula bat da itsasadarreko basa; milaka urteko historia dago gordeta"

Errioan bertan egin dituzue beste zundaketa berezi batzuk, gainazaleko azken metro erdia aztertu duzue. Zeren bila?

Itsasadarretan nabarmena da gizakiak azken 200 urteotan utzitako arrastoa, eta, batik bat, XX. mendearen erdialdetik aurrera. Zumaian bereziki aztertu nahi izan dugu garai hori. Eta gauza oso interesgarriak aurkitu ditugu.

Zer aztertu duzue zehazki?

Azken 200 urteetako historia aztertu dugu detaile handiz, zentimetroka. Milaka urteko erregistroa datatzeko oskoletako karbono 14a neurtzen genuen; baina kasu honetarako, azken 200 urteak datatzeko, bi isotopo erradioaktibo erabili ditugu: beruna 210 eta zesio 137a. Beruna 210 isotopo naturala da: uranioa atmosferan eraldatzen denean sortzen da; zesio 137a, berriz, artifiziala da, superpotentzia nuklearrek atmosferan egindako leherketen ondorioz sortzen da. Leherketa termonuklearrek isotopo berriak sortu zituzten, eta atmosfera osora zabaldu ziren. Denborarekin, atmosferatik lurrera erori eta, gaur egun, planeta osoko lurrazalean dauzkagu isotopo berri horiek. Zumaian ere bai.

Beraz, Algorriko K/T muga ezagunean meteorito batek eragindako iridio geruza bat dagoen bezala, zuek errioan aurkitu duzue leherketa nuklearrek sortutako isotopoak jasotzen dituen geruza bat...

Bai, eta dagoeneko badu izena: Antropozenoa. Oraindik geologian ez da ofiziala, baina gai hori mahai gainean dago. Antropozenoaren ezaugarria da gizakiaren eragina agertzen dela erregistro geologikoan. Ordura arte existitzen ez ziren gauzak hasten dira agertzen: isotopo erradioaktibo berriak, plastikoak, elementu kutsatzaileak... Oso erraz bereizten da muga erregistro geologikoan.

Eta zer aurkitu zenuten Zumaian?

Hainbat kontu interesgarri. Esate baterako, ikusten da bizitzaren gainbehera XX. mendearen hasieratik erdialdera arte, gero eta mikrofosil gutxiago agertzen baitira basatan. Zer gertatu zen XX. mende erdialdean mikrofosilak ia desagertzeko? Metalen presentzia ikaragarri areagotu egin zela industriaren eraginez. Zinkaren kasua nabarmena da.

"Bizitzaren gainbehera ikusten da XX. mendearen hasieratik erdialdera arte, gero eta mikrofosil gutxiago agertzen baitira basatan"

Jarduera industrialaren erregistroa da, ia-ia...

Hala da. Uraren egoera hobetzen denean eta metalen konzentrazioa jaisten denean, bizitza errekuperatu egiten da. Hori ikusten da 1980ko hamarkadaren amaieratik aurrera. Zergatik? Industria jardueraren krisiagatik eta ingurumena babesteko neurriak hartzen hasi zirelako.

Baina ez zenuten hori bakarrik aurkitu...

Laginetik mikrofosilak bahetzen ari ginela, neurri bereko bolatxo batzuk ere azaltzen zirela ohartu ginen. Ikusi genuen hiru motatakoak zirela: XX. mendearen hasierakoak karbonozkoak ziren; mende erdialdekoak, berriz, metalezkoak; eta, azkenik, mende amaierakoak plastikozkoak. Gizakiaren jardueraren arrasto nabarmena berriro: mende hasieran erregai fosilak erretzen hasi ginen, eta, horren ondorioz, karbonozko bolatxo horiek sortzen hasi ziren; horren ondoren, burdinan oinarritutako industria garatu zen, eta, horregatik, metalazko bolatxoak sedimentuetan; eta, azkenik, plastikoaren aroa.

Polimero (plastiko) bolatxoak aurkitu dituzte azaleko laginetan.

Aurrera begira jarrita: errioa gainezka egiteko zorian ikusten dute zumaiarrek marea biziak eta itsasgora egokitzen direnean. Itsas mailak gora egiten badu, pentsa dezakegu hemendik urte batzuetara arazo larri bat izango dugula. Zer egin daiteke?

Honek guztiak, beste behin, ekonomiarekin dauka zerikusia. Kostuaren araberakoa izango da neurria. Baserri bat baldin badago padura baten gainean, horri esango zaio baserria lagatzeko edo atzerago eramateko. Baina herriguneaz ari bagara, soluzioa da hesiak jartzea. Zergatik? Herri osoa bota eta berria eraikitzea baino merkeagoa delako. Gainera, politikan beti epe motzera egiten da lan. Nork hartuko ditu epe luzerako neurriak? Venezia da horren adibide nabarmena. Kalkulatu beharko da zer altuera eman hormari, bizpahiru metro, demagun, hurrengo ehun urteetan arazorik ez izateko. Horrek paisaian eta herriaren itxuran daukan eragina oso handia da.

Erdi Aroan itsasoko piratengandik babesteko eraiki ziren harresiak berreraiki beharko ditugu, baina orain itsasoaren igoeratik babesteko...

Horixe! Edo egin beharko dugu antzinako hiriekin egindakoa: gainean eraiki, herria metro batzuk altxa. Baina begi bistakoa da, albiste txarrak dira. Naturaren ikuspegitik ez dago halako arazorik, itsasoarekin batera gora edo behera egingo du. Arazoa guk daukagu, egokitzeko gaitasun txikiagoa daukagulako, arazo esistentzialak guk dauzkagu, ez landareek.

Eta hau guztia errioan dagoen basetatik abiatuta...

Jokoa ematen du, bai.