Stan Finney: “Ni antropozenoaren inguruan oso eszeptikoa naiz”

Stan Finney, Nazioarteko Estratigrafia Batzordeko Presidentea, izan da Anthropocene dokumentalerako elkarrizketatua izan den lehen aditua. Espresuki etorri zen Finney pasa den ostiralean. Ez da lehen aldia Zumaian dela. “Sekzio hau oso interesgarria da niretzat. Askotan izan naiz hemen: Flysch pelikularekin, urrezko hiltzeak jarri zirenean... Leku interesgarria da. Grand Canyonen egon naiz, munduko leku askotan, baina hau leku oso berezia da niretzako”. Galdera pare bat erantzuteko denbora izan zuen.

Antropozeno deritzon teoria bat da pelikula honen abiapuntua. Zer dago hitz horren atzean?

Teoria baino, kontzeptu bat gehiago da. Gizakiak Lurrean izan duen eraginaren ondorioz, arroketan erregistroa uzten ari garela dio. Arroketan aurkitzen diren erregistroen arabera ezartzen dira aro geologikoak. Lurraren historiaren inguruan ditugun ebidentzia bakarrak dira. Etapa asko daude, denboraren aro asko, eta arroka multzoek historian izan diren gertakariak jasotzen dituzte: desagertze masiboak, mendien sorrerak, itsas mailaren igoera... Historiako gertakari asko arroketan jasota daude. Kontzeptu honek dio gizakia lurrazalean uzten ari den eragina arroketan eragina uzten ari dela, eta etorkizunean nabaritu ahal izango den seinalea dela.

Zu Estratigrafia Batzordeko lehendakaria zara. Zein da zure iritzia gai honen inguruan.

Ni oso eszeptikoa naiz. Gure aro geologikoa arroken erregistroan ezarrita dago. Arrokak iraganean sortu ziren eta guk teknika estratigrafikoak erabiltzen ditugu arroketan jasotako historia interpretatzeko. Antropozenoaren kontzeptua oso bestelakoa da. Ez dira arrokak aztertu behar, ez ditugu arrokak behar. Gizakiaren inpaktua orain bertan ikus ditzakegu. Gizakiaren egutegiaren inguruan neurtzen dugu. Estratigrafia Batzordeak onartu behar al du hau? Galdera hori Batzordeko kideek aztertu beharko dute eta une batean erabakia hartu. Kuriositatea sortzen duen ideia da. Estratigrafian erabiltzen diren gidalerroekin ez dator bat, ez da estratigrafia, beraz Estratigrafiako Batzordeak erantzun behar duen beste galdera bat da. Gidalerroekin bat ez badator ere, zientzialarien komunitateak gai hau aintzat hartzeko eskatu ditu eta aztertu beharko du. Komunitate geozientifiko osoko iritziak bildu beharko ditugu, eta ez Batzordeko kideenak bakarrik. Komunitate osora zabaldu beharko dugu debatea erabakitzeko kontzeptua baliagarria den, formalizatu egin behar den eta Estratigrafia Batzordeak benetan errekonozitu behar duen garai hau.

Erlazionatuak

Jennifer Baichwal: “Geologiaren denbora-eskalan espezie bakar batek izan duen eragina aztertzekoa da”

Zumaia

Anthropocene pelikula dokumentalaren filmaketa lanak hasi ziren pasa den ostiralean Zumaian. Jennifer Baichwal zuzendari kanadarrak lan honetaz eta...