Ane Zabaleta: "Lurraldearen erabilerak eragin zuzena du arroetako ur emarian"

Gorka Zabaleta 2018ko aza. 10a, 10:21
Ane Zabaleta Urola ibaian, Aizarnazabalen.

Zer ondorio ditu klima aldaketak gure arroetako ur emarian? Etorkizunean ur gehiago edo gutxiago izango dugu eskura? Zer egin dezakegu egoera berrira egokitzeko? Galdera horiei erantzuten saiatu da EHUko ikertzaile talde bat. Tartean da hidrologian doktore den Ane Zabaleta.

Uraren inguruko ikerketak dira Ane Zabaleta geologoaren (Zumaia, 1978) espezialitatea. Gipuzkoako arro txikietan urak garraiatzen duen sedimentua ikertu zuen bere tesirako, zerk eragiten duen urak sedimentu gehiago edo gutxiago garraiatzea. Eta ohartu zen, arroaren ezaugarri fisikoez gain, lurraldearen erabilerak zeresan handia duela.

Urte batzuk daramatzazu Gipuzkoako erreka eta ibaietako urak ikertzen. 

Tesia egin ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatu zigun arro handietara zabaltzeko ikerketa. Ura kontrolatzeko eta neurketak egiteko aforaleku sare ona dauka Aldundiak, arro handietan eta txikietan. Datu bilketa asko zaintzen da, inbertsioak egiten dira azpiegiturak hobetzeko, eta guk datu horiek erabiltzen ditugu gure ikerketak egiteko. Zumaiatik gertu, adibidez, Aizarnazabalgo aforalekua dago. Hura da Urola ibaian dagoen azken kontrol gunea.

Aforaleku baten marrazkia. Aizarnazabalen dago bat.

Urak garraiatzen duen sedimentu kopurua neurtzen duzue zuek. Zertarako?

Guk aztertu dugu zerk eragiten duen urak sedimentu gehiago eta gutxiago garraiatzea. Gipuzkoan osoan antzeko klima daukagu, baina askoz euri gehiago egiten du ekialdean mendebaldean baino. Hasieran, pentsa dezakegu sedimentu gehiago sortuko dela ekialdean, euriak lurraldea higatu eta sedimentuak erreketara iristen direlako; baina errealitatea kontrakoa da: mendebaldeko arroetan sedimentu gehiago garraiatzen du urak. Eta ikusi dugu, berriro, lurraldearen erabilerak eragin zuzena duela.

Baina nola eragiten du?

Aipatutako kasuan, Gipuzkoako ekialdean baso natural gehiago daude. Mendebaldean, berriz, ustiapenerako baso asko daude, kudeaketa intentsiboagoa egiten da. Arbolak mozten direnean lur sail osoak babesik gabe uzten baldin badira, higadura askoz handiagoa da, eta sedimentu gehiago iristen da ibaira eta itsasora. Erabilera ez da faktore bakarra, baina eragina du.

Klima aldaketak gure arroetako ur emarian izan dezakeen eragina ere aztertu duzue. Nola egin duzue lan hori?

Gero eta gehiago galdetu digute zer gertatuko den gure ibaietako ur emariarekin hurrengo hamarkadetan. Kezka horri erantzuten saiatu gara, bai. Hurrengo hamarkadetarako aurreikuspenak egin ahal izateko, aurrena jakin behar da nondik gatozen, zer bilakaera izan duten gure arroetako ur emariek aurreko hamarkadetan, datu errealetan oinarrituta. Ezinbestekoa da atzera begirakoa ulertzea aurrera begirakoan asmatzeko.

Zer datu erabili dituzue atzera begirako azterketa egiteko?

Ikerketa eremua zabaldu egin dugu. Gipuzkoako sarea oso zabala eta aberatsa da, baina datuak nahikoa berriak dira. Aforaleku zaharrenak duela 30 bat urte egin ziren. Datuen serie luzeagoak behar genituen. Erabili ditugu Euskal Herriko, Kantabriako, Pirinioetako bi aldeetako eta Frantziako 117 aforalekutako datuak. Tartean badaude ehun urteko serieak dauzkaten bizpahiru aforaleku. Urolaren kasuan, Barrendiolako eta Aizarnazabalgo datuak erabili ditugu.

 

Ikerketan 117 aforalekutako datuak erabili dituzte. 

Eta zer ondorio atera dituzue atzera begirako lan horretan?

Aztertu dugu zer gertatu den azken 20, 40 eta 60 urteetan. Emaitzetan garbi ikusten da ur emaria gutxitu egin dela. Joera orokorra da, aztertu dugun eremu osoan ikusten da. Gainera, ur emaria urte sasoi guztietan gutxitu da, eta agorraldiak luzatu egin dira.

Eta aurrera begira, joera hori mantenduko al da?

Bai, aurrera begirako aurreikuspenak bat datoz atzetik datorren joera horrekin. Ur emaria jaitsi egingo da etorkizunean, 20, 40 eta 60 urtera begira egindako aurreikuspenetan ikusten da. Udako agorraldia luzatu egingo da. Orain irail-urrian amaitzen da, baina aurrerago azarora arte luza daiteke, eta horrek ur eskasiaren arriskua ekar dezake.

"Etorkizunean %10 eta %20 arteko galera gerta daiteke ur emarian"

Baina zenbat gutxituko da ur emaria?

Emaitzak oso aldakorrak dira erabilitako proiekzio klimatikoen arabera eta erabili beharreko metodologiak zalantzazko asko barneratzen ditu. Baina esan daiteke proiekzio ezkorrenetan urtean batezbesteko % 20rainoko emari galera egon daitekeela, eta baikorragoetan (baikorrenak izan gabe) urteko batezbesteko % 10ekoa. Hala ere, kontuan izan behar da espero dela jaitsierarik handienak agorraldian bertan jasatea. Udan eta udazkenean % 20-30 artean gutxitu daiteke ur emaria.

[Pare bat erreferentzia ematearren: Otxandion, 2090erako % 10-17 artean gutxitu daiteke ur emaria; Audikanan, % 11-26 artean].

Nola egin dituzue aurrera begirako kalkulu horiek?

Klima nola aldatuko den iragartzeko modelo klimatikoak erabiltzen diren bezala, guk modelo hidrologikoak erabiltzen ditugu. Iragarpen fidagarriak egiteko, arro bakoitzaren ezaugarriak hartu behar dira kontuan. Atzera begirako kalibrazioa egiten da aurrena: ikusten da azken urteetan zer klima egin duen (euria eta tenperatura), zer ur emari egon den arro bakoitzean, eta aldagaiak doitzen dira modeloaren emaitza datu errealetara ahalik eta gehien hurbilduz. Behin modeloa datu errealekin ajustatu dugunean, aurrera begirako aurreikuspenak egin daitezke, IPCCk (klima aldaketaren inguruko adituen gobernu arteko taldeak) klimarako ematen dituen iragarpenak erabilita. Gure kasuan, IPCCk emandako 16 proiekzio klimatiko erabili ditugu, 16 emaitza hidrologiko lortzeko. Horrela lortzen duzu emaitzen abaniko bat, ikuspegi zabal bat.

"Lurraldearen erabileraren arabera emaitza asko alda daiteke. Gauza asko egin daitezke"

Eta kasu guztietan emaitza garbia da?

Egia da azken 20 urteetan negu partean ur emariaren igoera egon dela eta, datozen 20 urteetarako ere zenbait modelotan, ez guztietan, antzeko joera ikusten dela negu parterako. Baina ez dirudi epe luzerako joera denik. Eta edozein kasutan, urte osoko emaitza beti da gutxitzea.

Zer egin dezakegu horren aurrean?

Klima aldaketari aurre egiteko negutegi efektua eragiten duten gasen isurketa murriztu behar da, hori denok daukagu nahikoa barneratuta. Hori lortzeko, mundu mailako erabakiak hartu behar dira. Baina uraren kasuan, guk geuk, maila lokalean, badugu neurriak hartzeko aukera. Euri gehiago edo gutxiago egingo duen, hor zeresan gutxi daukagu guk, baina euria egiten duenean, ur emari bihurtu baino lehen, lurraldetik pasatzen da. Bide horretan egiten dugun erabileraren arabera, emaitza asko alda daiteke. Hor gauza asko egin daitezke.

Errekasto bat Artikutzako pagadian.

Adibidez?

Denok daukagu basoen aldeko sentimendu eta jarrera. Denok pentsatzen dugu ederrak eta beharrezkoak direla. Gainera, azken urteotan balio erantsia eman zaie klima aldaketaren kontrako borrokan, CO2a xurgatzen duelako. Baina ez da esaten basoak ur asko kontsumitzen duela, eta baso guztiak ez direla berdinak. Ez dut esan nahi basoak txarrak direnik, ez dezala inork gaizki ulertu...

Espezie exotikoen basoak, gehienetan, ustiatze intentsiboko basoak dira, errotazio handia dago, basoa beti da gaztea, beti dago hazten. Egur asko ekoizteko ur asko behar da.

Azaldu pixka bat gehiago...

Argitaratu dugun azken lanetako batean basoa eta larrea alderatu ditugu. Basoa dagoen arroetan ur gutxiago dago erreketan, basoak ur gehiago behar duelako bizitzeko. Bestetik, aldea dago baso mota batetik bestera. Ikusi dugu espezie exotikoz osatutako basoek ur gehiago behar dutela bertako baso naturalek baino. Hor espezieak baino, kudeaketak du zerikusia. Espezie exotikoen basoak, gehienetan, ustiatze intentsiboko basoak dira, azkar hazten diren espezieak dira, errotazio handia dago, basoa beti da gaztea, beti dago hazten. Egur asko ekoizteko ur asko behar da. Bertako espezieen kasuan, basoak helduagoak dira eta ez dute hainbeste ur behar.

Beraz, kontua ez da basoa bai edo basoa ez...

Hori da. Kontua da gure iturburuak babesteko garaian aldagai hau ere kontuan hartzea. Arroburuetako kudeaketak nolakoa izan behar duen pentsatzen hasi behar da. Aukera bat da basoa mantentzea, baina kudeaketa eredua aldatuta: mozketa neurtuagoak eginez, ur eskaera murriztu daiteke eta lurzorua hobetu babestu (sedimentu gutxiago sortuz). Agian, leku jakin batzuetan larrea mantentzea komeni da.

Orduan, aurrera begira, urtegi gehiago beharko ditugu edo beste politika batzuk?

Gipuzkoan egin diren urtegiak txikiak dira, eta estrategikoak direla esango nuke. Gehiago egitea da irtenbidea? Agian, pentsatzeko modua aldatu behar dugu. Mitoetatik emaitzetara pasa behar dugu. Lehen basoari buruz esandakoak ez du esan nahi basoa txarra denik. Esaten duguna da tokian tokiko neurriak hartu behar direla. Begira, Añarben 2.500 milimetro euri egiten du urtean, gutxi gorabehera; Urolan 1.300 mm, 1.200 mm gutxiago. Aldea izugarria da. Landaretzak Añarben ez du ur faltarik, eta Urola aldean, zenbait garaitan, ur falta izan dezake. Beraz, ezin da bietan berdin jokatu. Toki bakoitzerako soluzioak behar dira.