"Bideo hau Geoparkeko flyschean grabatuta dago, baina edozein lekutan grabatu daiteke"

Baleike 2018ko urr. 23a, 19:51

Harraldean pilatutako plastiko kopuruak hizpide izaten jarraitzen du. Berriak plazaratutako bideo batean Geoparkeko gerente Leire Barriusok dio kezkatuta dagoela, "Geoparkeko kudeatzaile bezala, baina baita herritar bezala ere". PSE-EEk Zumaian duen zinegotzi Arritxu Marañonek ere bere kezka azaldu du. 

Oier Bartolome surflariak igandean plazaratu zuen sareen bidez Zumaia eta Deba arteko harraldean grabatutako bideoa. Ingurunea plastiko zati txikiz beteta agertzen zen. Barriusok Berriari esan dioenez, "bideo hori Geoparkeko flyschean grabatuta dago, baina beste edozein lekutan grabatu daiteke. Plastikoen arazo hau itsasoan arazo globala da". Halakoak aurretik ere gertatu direla dio, bai Biotopoan, eta baita kostalde osoan ere. 

Alderdi Sozialistak, berriz, bere ardura erakutsi du. Eremu hori eta Gipuzkoa kostalde osoa garbitzeko instituzioak koordinatzearen beharra azaldu du. Zentzu horretan, hori gauzatzeko ekintzaren bat aurkeztea eta horretarako udal aurrekontuetan partida bat sartzea aztertuko dutela gaineratu du Arritxu Marañon zinegotziak. 

Flyscha gizon-emakume guztien ondarea dela gogoratu du eta babestu behar den gunea dela adierazi du. "Baina, ez dugu ahaztu behar Gipuzkoako kostalde osoa, flyscha bezainbat babestu behar dena".