Lagun Artea erosteko Bascotecniaren alde egin du epaileak

Baleike 2018ko mai. 9a, 16:41

Pedro Jose Malagon epailearen iritziz, Bascotecniaren proposamena da Lagun Artea erosteko egokiena. Bertako zuzendaritza, langile, eta baita administratzaile konkurtsalarentzat ordea, Sarralle eta Izadi enpresen eskaintza hobea zen. Bascotecnia enpresa donostiarrak -Ondozabal taldearekin batera aurkeztu da konkurtsora- 13 milioi euro ordaindu eta 42 langile mantenduko ditu.

Lagun Artea enpresaren likidazio fasea bukatutzat eman da atzo bertan Malagon epaileak diktatu zuen sententziarekin. Enpresaren likidazio konkurtsoan, Bascotecniaren aldeko hautua egin du epaileak, eta erabakiak harrituta utzi du Lagun Arteako zuzendaria den Amaia Odriozola. “Kolpe gogorra izan da guretzat. Beste aukeraren alde egin dugu lan urte eta erdi honetan. Bideragarritasun plan bat atera genuen aurrera. Bere garaian egin behar ziren kaleratzeak egin genituen, horrek guztiak eragiten duenarekin, eta orain, beste 37 pertsona kaleratuko dituzte”, kontatu du. Hain zuzen, Sarralle eta Izadik aurkeztutako proposamenak bermatzen zuen, gaur egun Lagun Artean dauden 79 lanpostuei eustea. Bascotecniak ordea, 42 lanpostu ziurtatzen zituen. “Guretzat Bascotecniak aurkeztu zuen plana ez zen argia. Ez zuen jartzen zer egin behar zuen, eskuartean zituen zenbakiekin beste ondorio batzuk ateratzen ziren... Diru gehiago jarriko zuela bagenekien, baina horrek lanpostuen galerak ekarriko zituela. Sententziarekin ikusi da diruak irabazten duela”, jarraitu du.

Lanpostuak mantendu

Bascotecniak 13 milioi euro ordainduko ditu Lagun Artearen salerosketarengatik. Diru kantitate hori aste honetan zehar jarri beharko du Donostiako Auzitegian. “Atzo atera zen autoa, eta bost egun dituzte dirua jartzeko. Hortik aurrera beraiekin hitz egiten hasiko  gara”, adierazi du Aitor Iturain ELAko ordezkariak. Bere iritziz, hasiera batean, Sarralle eta Izadiren eskaintza hobeagoa zen lanpostu guztiak mantentzen zituelako. “Hasieratik gure nahia ahalik eta lanpostu gehien mantentzea izan da, eta bi aukeran artean, Sarralle eta Izadirena egokiagoa zen. Azkenean, Bascotecniak irabazi du, baina 42 langile baino gehiago gelditzearen alde egingo dugu lan”, argitu du. Hain zuzen, aste honetan edo hurrengoan, ELA eta LAB sindikatuek bilera baterako deitu dituzte jabe berriak. “Lanpostuen eta lan baldintzen inguruan guztiontzat onuragarria den akordio batera iritsi nahi dugu. Sententzia jakin aurretik Bascotecniakoekin hitz egin genuen eta eskaintza motz geratu zela aitortu zuten. Hau da, 42 lanpostu baino gehiago salbatu ahal daitezkela”, jarraitu du.

Autoa atzo eman zuen jakitera Auzitegiak eta ezingo da helegiterik aurkeztu. “Sententzian jartzen duenaz gain, ez dakit ezer gehiago. Ez dakit hurrengo pausoak zeintzuk izango diren, edo zer egin beharko dugun. Gure lanari jarraikortasun bat ematen ari ginen azken urte eta erdian, eta orain administratzaileak esan beharko du zer egin behar dugun”, esan du Odriozolak.

Administratzaile konkurtsalak bi proposamenen balorazio txostenak eman zizkion epaileari martxoaren 5ean. Enpresaren likidazio prozesua iazko urrian hasi zen.