"Jarduerari eustea eta ahalik eta lanpostu gehien salbatzea da helburua"

Baleike 2017ko urr. 11a, 13:07
Lagun Arteak Estazioko industrialdean daukan lantokia.

Enpresa likidatzeko azken fasean sartu da Lagun Artea, baina jarduerarekin jarraitzeko prest dauden bi inbertsore aurkitu ditu zuzendaritzak. Epaileak proposamena ontzat jotzea espero dute.

Likidazio prozesuaren azken urratsetan dago Lagun Artea enpresa, eta dagoeneko aurkeztu dute enpresa ixteko txostena. Baina, zuzendaritzak azaldu duenez, ez da ohiko likidazioa izango, jarduerak aurrera segitzeko bideak landu baitituzte. "Sektoreko bi enpresa dauzkagu Lagun Artearen jardueretatik bi proiektu berri ateratzeko prest; dagoeneko elkarlan hitzarmenak sinatuta dauzkagu administrariaren oniritziarekin, eta, epaileak ontzat ematen badu, bi enpresa horien esku geldituko da aktibitatea", azaldu du Lagun Arteako zuzendari Amaia Odriozolak.

Errenteriako Mecanizados Izadi prest agertu da mekanizatuko jarduera bere gain hartzeko, eta ingenieritza eta muntaiaren adarra (Beduako lantokia) Azpeitiko Sarrallek hartuko luke. Azken honek, gainera, Lagun Artea markari eutsiko lioke, merkatuan duen izen ona aprobetxatzeko. Enpresen arteko adostasuna lortuta dago eta orain falta da merkantileko epaileak erabakitzea. "Beste inbertsore bat ager daiteke eta eskaintza bat egin; orduan, epaileak baloratu behar du zein den aukera egokiena. Hori argitu arte ezin dugu esan dena lotuta dagoenik, baina guk behintzat bide bat landu dugu eta interbide bat jarri dugu mahai gainean. Jarduerari eustea eta ahalik eta lanpostu gehien salbatzea da gure helburua", jarraitu du Odriozolak.

Lagun Arteako zuzendaritzak landu dituen bi proiektu berri horiek aurrera ateraz gero, 90 bat postu salbatuko lirateke. Gaur egun 120 bat langile dauzka Lagun Arteak. "Guretzat lanpostu bakar bat galtzea gogorra da, eta saiatzen ari gara lanpostu bakoitza defenditzen. Gaur egun, gehienez jota, 40 lanpostu galduko dira, baina dagoeneko ari gara kopuru hori murrizteko lanean, eta seguru dezente gutxiago galduko direla". Odriozolak berak hartu du langileekin banan-bana hitz egiteko ardura. "Nire bizitzako asterik gogorrena izan da, baina langileei neuk jakinarazi nahi izan diet pertsonalki proiektu berrian lekua izango duten edo ez, neuk ere nirekin hala jokatzea nahiko nukeelako".

Bi proiektu berriak aurrera ateratzen badira, langileek aintzinatasuna mantenduko dute eta Lagun Arteak zor dizkien soldatak kobratuko dituzte. Beste kontu bat da lan baldintza berberak izango ote dituzten. Hori jabe berriek erabaki beharko dute, eta, kaleratzeekin batera, horrek eragin dezake kezka gehien langileengan. Enpresa ixteko txostena aurkeztuta, orain enpresako zuzendaritzak eta langileen batzordeak adostasunera iristeko epe bat dute. "Zenbat eta azkarrago iritsi adostasunera, orduan eta hobeto guztiontzat, epeak luzatzen badira arriskuan jar dezakegu dena", arrazoitu du Odriozolak. Dena den, urtea amaitu baino lehen prozesu guztia bukatuta egotea aurreikusten du Lagun Arteako zuzendaritzak.

Sei urteko borroka

2011tik ari da Lagun Artea aurrera ateratzeko borrokan. Krisialdiko lehen bi urteak –2009 eta 2010– ondo gainditu zituen, baina 2011n kolpe handia jaso zuten Gallardo taldeak eta beste bi bezerok utzitako zorrarekin. Urtebeteko fakturazioaren adinako zuloa eragin zioten eta, egun batetik bestera, egoera larrian aurkitu zen enpresa. "Sektore oso zaila da gurea, enpresa oso handiekin lehiatu gara, eta ez da erraza hor irautea", dio Odriozolak. 2011ko zulo handi horri nola edo hala erantzuten ahalegindu dira sei urte hauetan, kontratu handiren batekin arnas hartzeko esperantzarekin.

Duela urtebete, Sidenorrek Basaurin egin behar duen inbertsioaren zati bat eskuratzeko itxaropena zuten, baina hark ere ihesi egin zien eta hantxe agortu ziren aurrera egiteko indarrak. "Guretzat hau guztia oso gogorra izaten ari da. Gure gurasoek sortutako enpresa da, gure enpresa. Urte hasieran erabaki genezakeen enpresa itxi eta bukatzea. Baina ezin genuen horrela amaitu. Ahalegin guztiak egin ditugu irtenbide bat aurkitzeko. Bagenekien Lagun Artea likidatu egin behar zela, baina garrantzitsuena zen jarduera ez galtzea. Ahal izan dugu guztia egin dugu. Lor genezakeen irtenbiderik onena aurkitu dugu. Gehiago ezin dugu egin".