Lagun Artea erosteko bi eskaintzaren artean erabakiko du epaileak

Baleike 2018ko mar. 13a, 13:24

Lagun Arteako zuzendaritzak Sarrallerekin eta Izadirekin landu eta adostutako proposamenaz gain, Bascotecnia enpresak aurkeztutakoa ere baloratuko du epaileak. Administratzaile konkurtsalak Sarralle-Izadiren aldeko iritzia eman dio epaileari, lanpostu gehiago bermatzen dituelako. Lagun Arteako zuzendaritzak eta langileek ere iritzi berbera azaldu dute.

Azken fasean sartu da Lagun Artea enpresaren likidazioa. Administratzaile konkurtsalak bi proposamen jarri dizkio mahai gainean azken hitza duen epaileari. Sarrallek eta Izadik aurkeztutako eskaintza da bat, eta Bascotecniarena bestea. Sarralle eta Izadirena da, hain zuzen ere, denbora luzez Lagun Arteako zuzendaritzak landu eta adostu duena, enpresari irtenbide ahalik eta egokiena eman nahian. Gaur egun Lagun Artean dauden 79 lanpostuei eustea bermatzen du proposamen honek.

Bascotecniak –Ondozabal taldearekin batera– berriz, gehienez 42 lanpostu mantentzea proposatu du. Hau da, gutxienez, 37 langile kaleratu beharko lituzkete. Gainera, proposamen honetan ez dira jaso langileen lan baldintzak.

Administratzaile konkurtsala bezala, enpresako zuzendaritza eta langileak ere lehen aukeraren alde agertu dira. "Txostenak ikusita, garbi dago Bascotecniak gehienez 42 lanpostu ziurtatzen dituela bakarrik, eta guretzat funtsezkoa da ahalik eta lanpostu gehien mantentzea", azaldu dio Baleikeri Amaia Odriozola zuzendariak. Langileak Bascotecniaren proposamenaren aurka agertu dira, ohar baten bidez: "Harrigarria da 37 kaleratze proposatzea, gaur egun, Lagun Arteako langile guztiak lanean ari garenean, lanaldi osoan". Epaileari eskatu diote lanpostuen alde egiteko. Horrez gain, Lagun Artearen bideragarritasuna kolokan jarriko duen edozein erabakiren aurka azalduko direla azaldu dute langileek.

Martxoaren 5ean aurkeztu zion administratzaile konkurtsalak bere balorazio txostena epaileari. Hiru asteko epea zabaldu zen helegiteak aurkezteko eta, epe hori pasatzen denean, erabakiaren berri emango du epaileak.