Ondo sailkatutako hondakin kopurua 30 puntu igo dela azaldu du Udal Elkarteak

Baleike 2018ko mai. 4a, 16:21

Otsailan jarri zen martxan hondakinak jasotzeko sistema bateratua Urola Kosta eskualdeko herrietan. Hiru hilabete hauetan izandako emaitzen berri eman du Mankomunitateak, eta ondo sailkatutako hondakin kopurua 30 puntu igo dela nabarmendu du Igor Iturain Udal Elkarteko lehendakariak.

Aurreko urteko garai bereko kopuruekin alderatuta igo da ondo sailkatutako hondakin kopurua. Iazko apirilean %38,26 jaso zen ondo sailkatuta, eta aurten %68,14. “Urola Kosta osatzen duten bost udalerrietako kaleko edukiontzien datu orokorra da hau”. Herriz herriko kopuruak ez dituztela gaineratu du Iturainek.

Kopuruak gorantz egin duela ikus daiteke emandako zenbakien arabera. Hala, urtarrilean %45,81 jaso zen ondo sailkatuta, eta otsailean %43,01. Martxoan, berriz, %66,77ra igo zen, eta apirilean %68,14ra. Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetan, eta industrialdeetan lortutako kopuruak are eta handiagoak direla azpimarratu du: %79,66 merkatarien eta ostalarien artean, eta %71,86 industrietan.

“Balorazioa ona da”, adierazi du Igor Iturainek. “Jauzi kualitatibo garrantzitsua eman dugu, eta argi dago igoera askoren ahaleginari esker lortu dela: herritarrak, eztablezimenduak , enpresak, bilketa zerbitzuak bera, udalak, alderdi politikoak, etab.”. Hala ere, oraindik asko dagoela egiteko adierazi du.

Kopuruak kontutan hartuta, aldaketa nabarmena da. Iazko apirilean 872.890 tona errefusa jaso ziren. Urtebete geroago 334.470 tonara jaitsi da. Biohondakina, berriz, 129.880 tonatik 2017an, 266.340 tonara pasa da apirila honetan. Hau da, bikoitza baino gehiago (bilketa datuak hemen dituzue).

Kopurua bikoiztu da, bai, baina, kalitatezko biohondakina sortzen al da? “%5eko inpropioa hartzen da kontutan. Inpropioa %5 baino txikiagoa bada, baiohondakin hori ontzat hartzen du Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak. Ehuneko hori baino handiagoa bada inpropio kopurua, errefusa bezala tratatuko da. Hemen sortzen den biohondakinak %5 baino inpropio kopuru txikiagoa du, beraz ona da”, adierazi du Iturainek.

Hori hala izanda ere, datozen hilabeteotan “karakterizazioa” egingo dela gaineratu du, edukiontzietara zer hondakin botatzen ditugun zehazteko.

Sistema hobetzeko egokitzapenak egingo direla ere eman du jakitera Mankomunitateko lehendakariak. Edukiontzietan egokitzapenak egin direla eman du jakitera: “aho-ertzak konpondu zauriak ekiditeko; babesgarriak jarri dira poltsak kateatuta ez geratzeko; eta ondorengo hilabeteetan nabarmentzekoa, edukiontziei pedala jarriko zaie herritarrek zaborra botatzerakoan erraztasun gehiago izateko”.  

Txartel eta bilketa puntuetan ere egokitzapenak izango direla ere adierazi du. “Batetik, bilketa puntuak aldatzeko eskaerak tramitatzen jarraituko da eta bestetik bigarren txartela eskuratzeko aukera aztertzen ari gara”.

Bestalde, uda garaian eskualdera etortzen den bisitari kopuruak gorakada handia izaten duela jakitun, neurri batzuk aztertuko eta proposatzen ari direla azaldu du Iturainek.

Zumaian bezalako arazorik ez beste herrietan

Hondakin sistema berria abian jarri zen egun berean, 47 edukiontziri kableak moztu zizkieten Zumaian. Handik aste batzuetara edukiontzien irla batzuei su eman zieten. Halako gertaerarik beste herrietan izan ez dela onartu du Igor Iturainek. “Zarautzen bi edukiontziri moztu zizkieten kableak, baina ez zen Zumaian bezala izan. Hala ere, askoz larriagoa iruditzen zait irlei su ematea, kontutan hartuta, gainera, bizilagun batzuen bizitza arriskuan jarri zela”. Zentzu horretan, herri guztietan bere puntu beltzak daudela gogoratu du. “Zarautzen badaude puntu beltz batzuk, Aian ere bai, baita Orion ere. Lehen bazeuden eta orain bere horretan mantentzen dira. Horretan ere lan egin beharko dugu”.

Jadarre auzoan ere izan dira arazoak. Edukiontziak zeuden lekua tokiz aldatu zuten, eta hori ez zen auzoko bizilagun batzuen gustukoa izan: zabor poltsak aurreko leku berean botatzen jarraitu zuten, nahiz eta edukiontzirik ez egon. “Hasierako toki hartan edukiontzi batzuk jarri ditugu, eta hemendik egun batzuetara itxi egingo ditugu, txiparekin zabaltzeko. Ikusiko dugu zer emaitza ematen duen. Guk esfortzu bat egin dugu eta fruituak ematea espero dugu”.