Zabor poltsen pilaketa Jadarre auzoan

Orain hilabete inguru jarri zen martxan hondakinak biltzeko sistema berria eskualde mailan. Ordutik txartelen bidez zabaldu behar dira organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Lehen egun hartan izan ziren sabotajeak, eta baita arazoak ere Jadarre auzoan. Azken hauek badirudi bere horretan jarraitzen dutela.

Jadarreko goiko partean edukiontzi bakarra zegoen lehen. Udal Elkartearen esanetan, saiatu ziren kokapen horretan edukiontzien irla bat jartzen, baina “ezinezkoa” zela ikusita, edukiontziak auzoko beste leku batzuetan jarri zituzten. Erabakia ez zen, ikusten denez, Jadarreko bizilagun batzuen gustukoa izan eta zabor poltsak aurreko tokian botatzen hasi ziren. Dagoeneko edukiontzirik ez, eta lurrean uzten zituzten. Orain arte. Udal Elkartea eta Udala bildu ziren auzoko bizilagun batzuekin, emaitza onik gabe.

Bizilagun batek adierazi digunez, hasiera batean astean behin kentzen zituzten poltsak, “baina izango dira 15 bat egun ez direla pasa, eta bitartean zabor poltsak pilatzen ari dira, horrek sor ditzakeen osasun arazoekin. Dena batera ateratzen dute, bereiztu gabe. Katuak eta arratoiak daude, eta eguraldi onarekin, berotzen hasten denean, horko usaina zeinek jasan behar du?”. Irtenbide bat eskatzen dute: "Zumaian bizi garen guztiak gara zumaiarrak, baina denok dauzkagu eskubide eta betebehar berdinak? Horrelakorik gertatuko al litzateke Goiko plazan, Udaletxearen aurrean, edo Amaiako plazan, edo Beheko plazan?".