Jon Iraola zinegotziak dimisioa aurkeztu du

Baleike 2018ko api. 27a, 10:39

Jon Iraola Kulturako eta Turismoko zinegotziak dimisioa aurkeztu du. Gutun baten bidez eman du erabaki horren berri. Berez, maiatzaren 17an egingo den Udal plenoan gauzatuko da kargu uztea.

Apirileko ohiko udal batzarra egin zen atzo arratsaldean, eta gai ordenean Jon Iraola zinegotziaren dedikazio partziala errebokatzea jasotzen zen. EAJren izenean aurkeztutako zinegotziak dedikazio partziala izan du legealdi hasieratik, eta atzoko bilkuran egoera hori bertan behera uztea bozkatu zen. Goizean, ordea, bere dimisioaren berri ematen zuen gutuna igorri zien Iraolak Udalean ordezkatuta dauden alderdiei, eta baita udal langile eta teknikariei ere.

Bilkuran puntu hau aztertzeko gaia tramitera eramaten zen edo ez bozkatu behar izan zuten lehenbizi zinegotziek. EAJko sei zinegotziek eta PSE-EEko Arritxu Marañonek baiezko bozka eman zuten; EH Bilduko seirek, aldiz, ezezkoa, “informaziorik ez” zutela argudiatuz.

Behin tramitera onartu zenean, eta errebokatzea bozkatzeko orduan, proposamenak EAJko bost aldeko bozka jaso zituen (Iraola berak ezin zuen botorik eman). Hori ikusita, Marañonek bere bozka aldatu zuen berehala, eta baiezkoekin bat egin zuen. EH Bilduko zinegotziak abstenitu egin ziren. Beraien esanetan, “jakinda hiru aste barru kargua utziko zuela, ez zaigu dotorea iruditzen erabaki hori hartzea”. Oier Korta alkateak erantzun zien "erabakia hartuta" zegoela.

Eskari-galderen tartean, Arritxu Marañonek hitza hartu zuen; adierazi zuen penatuta zegoela Iraolak kargua uzten zuelako, eta onena desio ziola. Alkateak erantzun zion oraindik izango zutela elkarrekin egoteko aukera, maiatzaren 17ko plenoan gertatuko zelako kargu uztea.

Hemen duzue Jon Iraolak igorritako gutuna:

Jon Iraola by baleike on Scribd