Udala egoera ekonomiko onean

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko api. 26a, 21:21

Hain zuzen ere 5.513.635€ gerakina du une honetan Udalak, duela 3 urte baino 3.978.987€ gehiago. Egoera ekonomiko on, saneatu eta orekatu horrek herriarentzat eta herritarrentzat interesgarriak diren proiektuak aurrera eramateko aukera eskaintzen du

Gaur arratsaldean eginiko ohiko osoko bilkuran 2017ko aurrekontuaren likidazioa izan da gai nagusiena, 5.513.635€ko gerakinarekin itxi baitu Udalak aipatu urtea. Ildo horretan, udal gobernua pozik azaldu da, udal diru kutxak egoera osasuntsu eta onean daudelako.

2014ko aurrekontuen likidazioan Udalak zituen 1.534.648€tatik 5 milioi baino gehiago izatera pasa da hiru urteko epean. Une honetan, beraz, duela 3 urte baino 3.978.987€ gehiago ditu Udalak eta beraz, datuek berresten dute udal finantzen egoera on, saneatu eta orekatua. “Urtez urte zuhurtziaren printzipioari jarraituta aurrekontu errealista eta arrazoizkoak landu ditugu eta egindako udal baliabideen kudeaketa egoki eta eraginkorrak ahalbidetu du egun Udala egoera ekonomiko erosoan egotea” adierazi dute udal ordezkariek.

Horren harira gobernuko kideek gehitu dute, egungo egoera ekonomikoak herritarrentzat interesgarriak diren proiektuak gauzatzeko aukera ematen duela eta beraz, “Udala zorpetu gabe legealdi hasieran aurkeztutako proiektu eta ametsak eta emandako hitza betetzeko eta amets horiek egi bihurtzen jarraitzeko aukera izango dugu”.

Amaitzeko, gaurko Osoko Bilkuran, hirigintza arloan, Basadiko auzoko Ibaia taberna aurreko horman larrialdiko prozeduraz egiten ari diren egonkortze lanen berri eman da. Pertsonal alorrean, aldiz, iaz egin bezala, 2018ko udal lan eskaintza publikoan 3 udaltzainen postuak betetzeko hautaketa prozesua Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiak bere gain hartzeko hitzarmena aurkeztu eta onartu da. Eta azkenik, Jon Iraola zinegotziak aurkeztutako liberazio partzialaren baliogabetzea onartu du udalbatzak. Horrekin batera, Bake Epaile berriaren eta horren ordezkoen izendapena ere onartu ditu.