Lasaitasuna da nagusi TAOren lehen egunean

Baleike 2017ko eka. 15a, 13:19

Goizeko 09:00etan hasi da aparkamendu sistema berria herrian. Lehendabiziko aldiz, TAO sistema ezarri da Zumaian, eta irailaren 15 arte egongo da indarrean. Sistema hori kontrolatuko duten pertsonen, informatzaileen eta munizipalen esanetan, goiza lasai joan da. "Batez ere informazio eske etorri da jendea", aipatu dute.

Moilaberrin eta Arbustainen kokatuta dauden makinetan informatzaile bana aurkitu ditugu. Goiza zer moduz joan den galdetu diegu eta hauen esanetan, lasaitasuna izan da ohiko joera. "Zumaiarrak izan dira batez ere galdezka etorri direnak: zenbat minutuz aparkatu ahal duten marra urdina dagoen tokian, makinan nola atera behar den tiketa... Frantses batzuk ere etorri dira", gaineratu du. Astean zehar 2 informatzailei egongo dira, eta asteburuetan, berriz, hiru. "Udara guztian zehar izango gara edozein zalantza argitzeko".

Bestalde, TAO sistemaren egokitasuna bermatzeko lau pertsona daude. Hauen lana ibilgailuetan ezartzen diren tiketen ordutegia begiratzea, kotxeak beharrezko gunetan dauden aparkatuta kontrolatzea eta abar izango dira. "Gaurko eguna, batez ere, jendeari informatzekoa da. Oraindik zalantza asko daude, eta herritar asko egoiliarren txartela ere ateratzeko daude. Gaur adibidez, 09:00etan ilara handia zegoen Ortega eta Gasseteko bulegoan", aipatu digu TAOko langile batek. Lehendabiziko egunetan isunen kontua lasai hartuko dutela baieztatu digu langile honek. "Jendeak beharrezko argibide denak ezagutu arte, lasai hartuko dugu".

Erribera kalea ere, gaurtik aurrera, zamalanetako erabiliko da. Hau kontrolatzen Angeles Sorazu kalean (Erribera kalea mozten duen tokian), munizipal bat aurkitu dugu. "Momentuz hemendik sartuko dira ibilgailuak, eta ez Saregileen plazatik. Hango sarrera itxi egin dugu". Sarrera-irteerak gainbegiratzeaz gain, aparkaleku sistemaren xehetasunak azaltzea ere tokatu zaio munizipalari. "Aste osoan gabiltza azalpenak ematen, azkenean jendeak galdetu egin dizu".