Denboraldia errematatzeko gogoarekin da Kauldi Odriozola

Baleike 2017ko eka. 14a, 12:25

Kauldi Odriozolak bigarrengo denboraldia egin du Bidasoan, eta lehenengoa Asobal ligan. Lehen mailan debutatzeaz gain, maila mantentzea lortu eta sekulako denboraldi amaiera osatu du. Uztailean Espainiako juniorrekin Munduko Txapelketa jokatuko du Aljerian. Atzo joan zen prestaketekin hastera Alacantera, eta gaur beste berri on bat jakin dugu. Hain zuzen, igande honetan, absolutuekin lagun arteko partida bat jokatzeko deitua izan da. 

Denboraldi amaiera ezin hobea osatu du Kauldi Odriozolak Bidasoan. Duela bi urte Pulpo utzi eta Irungo taldearekin bigarren mailara egin zuen jauzi. Denboraldi bikaina osatu, eta aurten Asobal ligan jokatzeko txartela eskuratu zuten. “Garbi nuen nire ibilbidea etxetik gertu nahi nuela jarraitu, eta ikasketak ere hemen egin nahi nituen. Bidasoak aukera ona eskaini zidan, eta eskuartean zuten proiektua gustatu zitzaidan. Bigarren mailan jokatzera joan nintzen, lehenengo mailara igotzeko aukerekin”, gogoratu du.

Hala izan zen, irundarrek Asobal ligan jokatzeko txartela lortu zuten eta aurten lehen mailan ibili dira. Denboraldi honetako helburua maila mantentzea izan da, eta azken aurreko jardunaldian lortu zuten. “Zazpi partida faltan 21 puntu genituen, eta azken urteetan, maila mantentzeko nahikoak izan dira. Baina dinamika txar batean sartu eta partidak galtzen hasi ginen. Behean zeudenak aldiz irabazten hasi ziren, eta azkenean jardunaldi baten faltan lortu genuen helburua”, aipatu du.

Erabakigarria

Azken partida hauetan Odriozolaren golak erabakigarriak izan dira. Ligako lehen bueltan lesioek ez diote askorik lagundu, baina bigarren buelta ederra osatu du. “Jarraikortasuna galdu nuen, jokatzen hasi eta lesionatu egiten nintzen. Zuntz hausturak batetik, bizkarreko arazoak bestetik... Baina bigarren bueltan lesioek errespetatu naute, eta azkenean, denboraldia oso ondo jokatzen amaitu dut”.

Taldeko gazteena da Odriozola. Bataz beste 10 gol sartu ditu partida bakoitzean, eta hainbat kasutan erabakigarriak izan dira. Hala ere, Cuencako Liberbank Ciudad Encantada taldearen aurka jokatutako partidan sartutako 12 golek ez zioten askorako balio izan. “Denboraldiko portzentaia onena lortu nuen. 13 saiakeratik 12 sartu nituen, baina 33-34 galdu genuen. Azkenean ez zuten ezertako balio sartu nituen gol guztiak. Pertsonalki nire errendimenduarekin gustura amaitu nuen, baina taldearentzat ez zen emaitza ona izan”.

Beste urtebeteko kontratua du Bidasoarekin, eta hurrengo denboraldiari begira, maila mantentzeaz gain beste helburuak izango dituztela uste du. “Asobal ligan esperientzia gabeko jokalari dezente egon gara, eta nahikoa izan dugu ligari eustea. Mantentzea zen nahia eta jokalariek esperientzia hartzea. Hurrengo urteari begira esperientzia gehiago izango dugu, eta fitxaketa berri batzuk ere egin nahi dira. Beraz, beste helburu batzuk izango ditugu”, azpimarratu du.

Juniorrekin Mundialera

Azken urtez, Espainiako junior mailako selekzioarekin jokatzeko aukera izango du zumaiarrak. Aurten gainera, Aljerian jokatuko den Munduko txapelketan lehiatuko da azken orduan deitu duten Ander Torriko herritarrarekin batera. “Albiste ona da, txikitatik elkarrekin jokatu dugu, elkarrekin joan gara eskolara, eta koadrilakoak gara”, nabarmendu du.

Atzo joan ziren prestaketekin hastera Preterrera, Alacantera. Bertan bost egun pasa ondoren, deskantsurako egun batzuk hartu eta ekainaren 23tik 9ra Madrilera joango dira handik Zurichera joateko Airport Trophy txapelketan parte hartzera. Handik bueltan, Tunezen aurkako lagun arteko bat jokatuko dute, eta azkenik, uztailaren 13tik 30era Aljerian izango dira Munduko txapelketan lehiatzen.

Lehenengo faseko taldean selekzio hauen kontra arituko dira: Tunez, Mazedonia, Brasil, Burkina Faso eta Errusia. “Nahiko talde ona  suertatu zaigu, eta lehenengo lauetan pasatzeko konplikaziorik ez dugu izan behar”, aipatu du. Sei selekzio osatzen dituzten 4 taldetan banatzen da txapelketa, eta lehenengo fasean, talde bakoitzeko lau selekzio pasatzen dira. Ondoren, final zortzirenak, final laurdenak, final erdiak eta finala izango da. “Gure helburua final erditan sartu eta domina bat eskuratzea da, hau da, lehenengo hiruetan amaitzea”, esan du.

Iaz, Europako txapeldun izatea lortu zuen Torrikorekin batera. Alemaniaren aurka jokatu zuten finala eta bategatik irabazi zuten. Duela bi urte berriz, Errusian jokatu zen Munduko txapelketan laugarren izan ziren. “Orduko arantza hori kendu nahi dugu”.

Juniorrekin jokatu ahal duen azken urtea izango da Odriozolarentzat. Hemendik aurrera selekziotik deituz gero, absolututik izan beharko da. “Oraingoz behintzat, oso zaila ikusten dut”, aitortu zuen pasa den astean egin zitzaion elkarrizketa honetan. Gaur jakin dugu nagusien selekzioko hautatzaileak, Jordi Riberak, deitu diola igande honetan lagun arteko partida bat jokatzeko. “Aukera aprobetxatu nahi dut”, azpimarratu du.