Partida ikaragarria eginda, Bidasoak agur esan dio Errege Kopako ametsari

baleike 2017ko eka. 9a, 14:41
Argazkia: Arrate Morales

Eguerdiko 12:30etan hasi da Espainiako Errege Kopako final zortzirenetako lehen partida Leonen. Kauldi Odriozolaren Bidasoak, BM Granollers talde kataluniarraren aurka jokatu du, eta bi golengatik, txapelketatik kanpo gelditu da: 31-29. Azpimarratzekoa da Kauldik osatu duen partida, guztira, 10 gol sartu ditu.

Leonera bidaiatu aurretik Kauldi Odriozolarekin egoteko parada izan genuen. Bidasoan bigarren denboraldia bete berri du eta gustura da bai taldeak, eta baita berak ere, Asobal ligan eman duen mailarekin. Asteburu honetan Leonen jokatuko den Errege Kopako azken fasean sartzeko txartela lortzea ere denboraldiko helburuetako bat izan da, eta pozik zegoen. 

Final laurdena irabaztea zaila zela aitortu zigun, baina esperantza ez zutela galtzen eta irabaztera aterako zirela aipatu zuen. "Granollersen aurka ligan jokatu ditugun bi partidetan parekatuak ibili gara. Batean gol bategatik irabazi genien, eta bestean aldiz, bategatik galdu genuen", adierazi zuen.

Partida gaur eguerdian izan da, eta 31-29 emaitzarekin, final erdietarako txartela bidean gelditu zaie, ordea. "Partida osoan hor ibili gara, bi-hiru gol atzetik egon gara beti, baina 10 minuturen faltan bi goletara jarri gara eta batera ipintzeko aukerarekin gainera", adierazi digu Leonetik Odriozolak. "Granollers Europako txapelketetan ibiltzen den taldea da, eta maila hor igartzen da.  Pena bat izan da, bai, baina oso harro nago talde osoak egin duten lanaz", gaineratu du.

Odriozolak bere aldetik, izugarrizko partida osatu du, guztira 10 gol eginez. Deskantsurako tarterik gabe, hurrengo astean, Espainiako selekzioarekin elkartuko da Aljerian jokatuko den Munduko txapelketa prestatzeko. Prestakuntza saio horietan berarekin izango da baita ere Ander Torriko zumaiarra.

Hurrengo astean baita ere, Odriozolari eginiko elkarrizketa argitaratuko dugu.