Estreinatu dute Aitzuri, Zumaiak badu frontoia

Baleike 2016ko eka. 26a, 12:07
Eskuzko pilota partidarekin estreinatu da Aitzuri pilotalekua. Argazkia: Peio Romatet

Esku pilotaz, dantzaz eta zesta puntaz osatutako jaialdiarekin estreinatu dute zumaiarrek Aitzuri pilotaleku berria. Harmailak beteta, 700 bat lagunek izan zuten atzo gauean egun seinalatuaz gozatzeko aukera. 

Bederatzi urtez pilotaleku estalirik gabe egon ondoren, merezitako festarekin estreinatu da Aitzuri pilotalekua. Eraikin berria barrutik ezagutzeko eta pilotaz gozatzeko gogoz bildu ziren harmailetan ia 700 lagun. Pilotalekura sartu aurretik, sinadurak eta argazkiak eskaini zituzten gero eskuz eta zestaz protagonista izango ziren zortzi pilotariek.

Eskuzko partidarekin ekin zitzaion gauari. Iker Irribarria buruz buruzko txapelduna eta Zabaleta gorriz, eta Olaizola II.a eta Albisu gerriko urdinarekin. Aimar Olaizolak egin zuen Aitzuri pilotalekuko lehen tanto ofiziala, baina gero gorriak gehiago izan ziren. Irribarriak tanto ederrak egin zituen aurrealdean, eta Zabaletak ere maila polita erakutsi zuen, lesioa atzean utzita. Une batez aldagelara joan behar izan zuen, zangoan minen bat sentitzen zuelako, baina ez zen kezkatzeko ezer eta jarraitzeko modua izan zuen atzelari nafarrak. Azkenean, 22-9 nagusitu ziren Irribarria eta Zabaleta.

Partida amaitu berria, pozik agertu zen Irribarria Zumaiako pilotalekua estreinatzeko aukera izan duelako. "Frontoi bat ez da egunero estreinatzen eta polita da horrela egunetan parte hartzeko aukera izatea". Frontoiari dagokionez, eskuz jokatzeko ere aitzakiarik ez dio ikusten. "Frontoi egokia da. Egia da, zestarako izanik, frontisetik biziago ateratzen dela pilota, eta koadroak ere zestakoak dira; baina oso gustura jokatu dugu".

Lucia Lacarra eta Marlon Dinoren saioa

Jaialdiko bigarren pilota partida baino lehen Lucia Lacarra eta Marlon Dinoren dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten ikusleek. "Frontoi batean dantza egin dugun lehen aldia da, eta oso berezia izan da guretzat. Gure saioa zoruaren baldintzetara egokitu dugu. Oso pozik gaude ekitaldi honetan egoteko aukera izan dugulako", azaldu zuen dantza amaitu ondoren.

Zesta puntako partidak jarri zion amaiera gauari. Iñaki Goikoetxeak eta Gotzon Enbilek etxeko pilotalekua estreinatzeko aukera izan zuten, Inza eta Egigurekin bikotekide, hurrenez hurren. Hamabost tantoko bi partida jokatu zituzten, eta bietan nagusitu ziren Goiko eta Inza. Pozik zeuden zumaiarrak, azkenik frontoia martxan dagoela ikusita. Gotzon Enbilek urtebete zeraman partidarik jokatu gabe, belauneko lesioa medio, baina gogor entrenatu du atzo partidari aurre egin ahal izateko: "Azkenean iritsi da eguna eta dena ondo atera da. Jendea frontoira etorri da eta gustura gelditu direla esango nuke". Goiko ere pozik zegoen, batik bat inguruan zituen haurrengatik: "Hauek orain frontoi ederra izango dute entrenatzeko, orain ez da aitzakiarik egongo. Elkartearentzat oso ona izango da hau, eta seguru zesta utzia zuen bat baino gehiago animatuko dela berriro hartzera".

Estreinaldiaren ondoren, aurrerantzean pilotalekuari bizitza ematea eta jendea erakartzea izango da egin beharreko lana. Udan hainbat partida jokatuko dira, Enbilek atzo azaldu zuenez: "Zesta puntako World Masterreko partidak jokatuko dira, herriarteko finala ere bai; gero Dinastia Etxabeko partidak ere izango dira, berriro Zumaian hainbeste urte eta gero".