Olalde: "Zumaia beti izan da herri pilotazalea"

Baleike 2016ko eka. 26a, 12:43
Jexux Iribar 'Olalde' –zuriz–, ikuskizunari adi. Argazkia: Peio Romatet

Bi ordu eta erdiko jaialdia eta gero, harmailak hustu berri eta txosnan merezitako garagardo freskoa hartu aurretik, bizitakoaz eta etorkizunaz lau hitz egiteko aukera izan genuen pilota elkarteko kide Jexux Iribar 'Olalde'-rekin.

Urte asko itxaron behar izan da, baina hemen da azkenean frontoi berria...

Bazen garaia bai, urte asko pasa dira, baina esan beharra dago proiektua ez dela inoiz bertan behera botata egon. Zailtasunak zailtasun, Bai Udalak, bai elkarteak, jarraitu egin dugu proiektua gauzatu den arte. Ahaleginduz gero, beti lortzen da zerbait.

Aurrerantzean zer erabilpen emango zaio frontoiari?

Pilota elkarteak hiru sail ditu –esku pilota, xixtera eta pala–, eta astelehenetik ostiralera arratsalde-iluntzez eta larunbatetan egun osoan beharko du erabili. Igandetan, eta astegunetako goiz eta bazkalosteko orduak libre egongo dira herritarrek ere frontoi berria erabili ahal izateko.

Zumaian halako frontoia ikusita harrituta gelditu da bat baino gehiago.

Pilotaleku ederra da, bai. Kantxan, frontisean eta ezker horman pilota grazi eta soinu ederrarekin ateratzen da, eta harmailak eta eraikina bera ere oso erakargarriak dira. Aurrealdean egin den pasabide zabal eta ederrarekin, oraindik ere gehiago jantzi da.

Estreinaldian frontoia bete egin da; aurrerantzean ere jendea erakartzea izango da erronka.

Zumaia beti izan da herri pilotazalea eta saiatuko gara Aitzurin ikuskizuna eskaintzen. Abiapuntu bezala, Herriarteko xixterako finalak jokatuko dira datorren larunbatean, World Tour txapelketako hiru jaialdi izango dira uztailean eta irailean, eta uztail erditik abuztu amaiera arte Dinastia Etxabe jokatuko da, zortzi urtez herritik kanpo jokatu ondoren.