Igor Zendoia, euskaltegian betirako gogoan

Baleike 2016ko mai. 27a, 11:07

Igorren izena jarri diote AEK-ko euskaltegiari. Argazkia: Gorka Zabaleta

Igor Zendoia gogoan izan zuten atzo Zumaiako AEK-ko euskaltegian bere ikasle eta lankide ohiek, lagunek eta senideek. Sarreran Igorren omenezko plaka bat jartzeaz gain, aurrerantzean Igorren izena eramango du Zumaiako euskaltegiak. 

Igor Zendoiaren omenez euskaltegiko harreran jarri duten plaka.

Ikasturte amaierako jaia berezia izan da aurten euskaltegian. Otsailaren 5ean ezustean hil zen Igor Zendoia AEK-ko irakaslea, eta hutsune ikaragarria utzi du ikasle eta lankide ohien, lagunen eta senideen bihotzetan. Horregatik, Alondegian prestatuta zeukaten jaiarekin hasi baino lehen, euskaltegian bildu ziren denak Igorri merezitako omenaldia eskaini eta beti gogoan izango dutela adierazteko. 

Bertso eta hitz hunkigarriak esan zituzten ikasleek; lankideek ere prestatu zioten maitasunez egindako bideoa; eta Igor beti presente egon dadin, haren omenezko plakaz gain, euskaltegiari ere Igorren izena jarri diote.

Omenaldiaren ondoren, Alondegian bildu ziren denak, ikasleen arteko bideo lehiaketako lanak ikusi eta, modaku eta edari artean, joandako lagunarekin bizitako hamaika pasadizo gogoratzeko.