AEK-ko ikasleek Igor Zendoiari eskainitako hitzak

Baleike 2016ko mai. 27a, 11:07

Igor Zendoiaren ikasle ohiek hitz eder hauek irakurri zituzten atzo euskaltegian egin zitzaion omenaldian. Ezin hobeto islatzen dute zenbat estimatzen zuten Igor.

Lehen idatzia

"Erronka berri bat dugu aurrean. Igor guretzat zer izan zen adierazi nahi dugu. Badakigu zer esan, baina ez dakigu nondik hasi, ezta zein hitz aukeratu ere...

Orri zurian idazten hasiko gara, zure klaseak nolakoak ziren kontatzeko. Festa txiki baten tankerakoak ziren zure klaseak... ez zenuen euskara eta euskal kultura bakarrik irakasten, ez; musika, zinema, antzerkia edo pinturari buruz eztabaidatzen genuen. Zaletasun horiek zurekin elkarbanatzen genituen. Izugarri erakutsi zenigun horiei buruz.

Nola deskribatu zure barrea... Hain zen espontaneoa, hain kutsagarria... Zure umorea freskoa eta jantzia zen, ikaragarri gustatzen zitzaigun. Ez dugu inoiz ahaztuko, ez horixe. Beti gogoratuko zaitugu alai, Igor.

Paper zuri honetan idatziko ditugu erakutsi zenizkigun baloreak. Bakoitza den bezalakoa dela erakutsi zenigun, aurreiritziei jaramonik ez egiteko, bizitzak beti harrituko gaituela...

Zure bizitzako anekdota guztiek ez lukete lekurik izango orri bakar batean. Elkarrekin partekatu dugun herriko istorioak kontatzen zenizkigun, eta ongi pasatzeaz gain, asko ikasi genuen.

Bizitzari begiratzeko modu bat erakutsi zenigun, norberaren buruaz barre egiten ikasi genuen eta baita momentuaz disfrutatzen ere, inoiz ezin baita jakin bihar zer datorren.

Zure baserriari, lagunei, kuadrillari eta bereziki familiari zenion maitasuna transmititu zenigun. Denok egin dugu negar zu joan zarelako, baina zoriontsu gara zu ezagutzeko zortea izan dugulako.

Eta konturatzerako orri zuria bete dugu. Bizitza honetan pertsona batzuen lorratzak betirako gelditzen dira, eta zu horietako bat izan ziren. Beti egongo zara gurekin, Igor".

Bigarren idatzia

"Aurtengo inauteriak beltzez tintatu ziren zure heriotzaren berri jakin genuenean. Egun ilunak bezain tristeak igaro genituen, baina gogorrena etortzeke zegoen... Euskaltegira bueltatzea, gelan azaltzea eta behin-betiko ohartzea zu jada joan zinela.

Zergatik? Inork ba al daki? Ziur asko ez, ezta orain non zauden ere; baina seguru gaude gutaz trufatuko zinatekeela hainbeste itxurakeria entzunda, pertsona alaia baitziren.

Urteak daramatzagunok zure aurpegi haserrea ere ezagutzeko aukera izan genuen. Batez ere, honelako akatsak egiten genituenean: Nik ausarta naiz... Ene, zer nolako mala-leche-arekin zuzentzen gintuzun.

Dena den, horri esker, hau da, zuri esker, hemen gaude euskara ikasten eta gure helburura gerturatzen. Horregatik eta denagatik, eskerrik asko Igor".