BIDEOA: Zumaiako AEK-ko ikasleek Igor Zendoiari kantatutako bertsoak

Baleike 2016ko mai. 27a, 11:08

AEKko euskaltegiko ikasleek bertso hauek idatzi eta kantatu dizkiote Igor Zendoiari. Behean dauzkazue bertsoak idatzita, bideoarekin batera kantatu nahi badituzue.

1.

Igor, AEKra sartu
eta hor zaude aurrian
ordenadore parean
eserita zure aulkian
zure bizar eta tximak
beltzez jantzita lanian
ahots sendoa ahoan
laguntzen zendun danian
beti pozik, beti alai,
irri bat zure aurpegian
zure lagunen laguna
euskara beti mihian
marrazki eta heavya
zure burutxo argian
zure falta dugu beti
guk gure oroimenian.

2.

Igor, zu zinen guretzat
AEKko hemengo irudia
euskaraz ta euskararentzat
zu zinen jaio ta hazia
beti broman beti alai
ez einen batere isila
hemengo nagusi, baina
baita ere zinen umia
maite zenuen heavya
zu beti beltzez jantzia
gogoan izango dugu
zure juergarako grina
zure balkoitik begira
marrazkiz bete bizia
zuregatik egingo dugu
euskararen ikasia.

3.

Guretzat zu izan zinen
gure lehen kontaktua
euskaltegira sartu ta
zure aulkian pausatua
katxondo ta orijinala
iletsu ta bizarduna
heavya kamixetan ta
broma ta txantxa ahuan
umore garratza zenun
eta zinen gertukua
zure falta sumatzen deu
hutsik da zure lekua
zauden tokian zaudela
jaso ezazu mezua
sortzaile eta euskaltzale
izan zinen eredua.

4.

Ia beti egoten zinen
euskaltegiko aulkian
baina benetan zu zinen
baita gustora kalian
pote bat edo beste bat
tabernaren bazterrian
euskara izaten zenun
ezpain eta bihotzian
zu joan zinen hemendik
azkarregi ta goizegi
ez zintugun ezagutu
nahi bezainbat, gehiegi
baina zaudela seguru
ezer ez da errazegi
euskara ikasi arte
egingo deu gogor segi.