Horrela dio Udalak bidalitako oharrak:
"Zumaiako Udalak adierazi du martxan jarriko duela herriko eremu publikoaren zein hiri paisaiaren zaintza eta garbiketa definituko dituen ordenantza berriaren idazketa prozesua. Ordenantza honek helburu du kalitatezko espazio publikoak bermatzea, kanpotik datozen bisitariei eta bereziki herritarrei, herri txukunago, garbiago eta atseginagoa eskaintzeko. Zumaiarrak eta beren ongizatea izanik udal gobernuaren lehentasun nagusia, ezinbestekotzat jo dute ordenantza honen idazketa herritarrekin partekatzea.
Horiek horrela, gobernu berriak jakinarazi nahi du Zumaiako elkarte eta eragileekin lan talde bat osatuko duela elkarren arteko komunikazioa eraginkorragoa izateko eta beren iritziak, proposamenak, iradokizunak eta bereziki beren beharrak lehen eskutik ezagutzeko. Modu honetara, udalak, eragile eta elkarte hauekin partekatuko ditu ordenantza berriaren nondik norakoak eta beren ekarpenak aintzat hartuta definituko ditu zeintzuk izango diren herriko eremu eta ondareak errespetuz zaintzeko eta garbi eta txukun mantentzeko hartu beharreko neurriak.
Azkenik, udaletik adierazpen askatasunaren alde egiten duten apustua berretsi dute. Udalaren ardura da guztionak diren kale, bide eta eraikin publikoak errespetuz erabiltzen direla bermatzea, baita herritarrei beren adierazpen askatasuna ahalbidetzea ere. Horiek horrela, udaletik azaldu dute adierazpen askatasun hau bermatze aldera lan egiten jarraituko dutela, honetarako beharrezkoak diren neurri eta hobekuntzak aurrera eramanez".