Udalak herriko eremu publikoetan ezarritako kartel eta pankarta oro kentzeko erabakia hartu du

zumaiakoudala 2016ko ots. 22a, 11:12

Zumaiako Udalak jakinarazi du, hemendik aurrera herriko eremu publikoetan jartzen diren kartel eta pankarta guztiak kentzeko erabakia hartu duela, edozein delarik hauen eduki, mezu, jatorri edota helburua.

Horiek horrela, herria garbi eta txukun mantentzeko, ingurumena zaintzeko eta guztiona dena errespetatzeko xedearekin hartu du Udalak neurri berri hau. Orain arte, ostegunetik astelehenera bitarte kartel eta pankartak ezartzea onartzen bazen ere, aste egunetan(astelehen eta ostegun artean) hauek kendu egiten ziren herriari itxura garbiagoa eta txukunagoa emateko. Aurrerantzean aste guztian zehar irizpide berdina jarraitzeko erabakia hartu da eta txukuntasun hori mantentze aldera eta herriko eraikin eta eremu publikoak errespetatze aldera, Udalak ordenantza bat idatziko du eta honen baitan egituratu eta arautuko ditu besteak beste, kartel eta pankartak jartzeko nondik norakoak, publizitate panelen kokapena, pintadak egitearen aurkako neurriak…

Era berean, udal gobernu berriak adierazpen askatasunaren alde egiten duen apustua berretsi nahi izan du, betiere, Zumaian horretarako ezarrita dauden guneak errespetatzen badira. Honen inguruan, gogorarazi dute ezarrita eta herritarren eskura daudela panel urdinak beren mezuak bertan jarri ahal izateko. Udalak, herria txukun eta garbi mantentzeko konpromiso hau hartuta eta erabaki hau jarraituz bertan behera utzi du udal publizitatea jartzeko erabili ohi zituzten panelen erabilpena.

Azkenik, Zumaiako Udalak azpimarratu du bere ardura dela guztiona dena errespetatu araztea herritarren eta ingurumenaren mesederako, baina horretarako, zumaiar guztien inplikazioa ere ezinbestekoa dela adierazi du. Beraz, eraikin eta eremu publikoak errespetatzeko eta zaintzeko herritarren parte hartzea eta laguntza eskatu ditu.