"Kalea ez da Udalarena, guztiona da"

Kalea guztiona da 2016ko mar. 4a, 16:18

Herritarrekin eta herriko eragileekin konpartitu gabe, EAJren udal gobernuak kartelak, pegatinak, pankartak... eta beste edozein euskarri kalean jartzeaz ezarri duen debekuari aurre nola egin aztertzeko 35 lagun inguru bildu ginen atzo Torreberriko aterpean. Debekuari kontrakotasuna adierazteko egunotan mamitu ditugun ideia orokorrak adostu genituen eta "Kalea ez da Udalarena, guztiona da" izeneko testuan jaso ditugu.

Aipatzekoa da, debekua ezarri duen udal gobernuko bi zinegotzi bilerara azaldu izana. Udalaren partetik informazio gehiago lehen eskutik izateko oso aukera polita zen baina, gure harridurarako, segituan isiltasun bilakatu zen. Izan ere, hasiera-hasieratik bi zinegotziek adierazi ziguten inolako azalpenik ez zutela eman nahi; beren nahia zela bilkuran jendeak esandakoa entzutea. Eta hala egin zuten. Beraz, debekua eta komunikazio eza ikusita, han bildutakoek ondorengo testua zabaldu nahi dugu kalearen erabilera publikoari buruzko eztabaida, behar bezala eta merezi duen denbora eskainita, eman dadin Zumaian". Hemen adostutako idatzia:

Kalea ez da Udalarena, guztiona da

Historikoki kalea, herrietako eta hirietako espazio publikoa, herritarron kezkak, aldarrikapenak eta ekimenak ezagutzera emateko gune nagusia izan da. Gaur egun ere hala da eta Zumaia ez da salbuespena. Herriko kolektibo guztiok erabili ditugu Zumaiako plaza eta kantoiak gure mezuak zabaltzeko. Manifestazioak, parodiak, panfletoak, giza kateak, pegatinak, bazkari herrikoiak, kartelak, muralak... modu asko erabiltzen ditugu horretarako. Kalea topagunea denez, komunikatzeko eta, beraz, elkarri eragiteko eremu nagusia da. Herritarron eskura dagoen bitartekaririk gabeko komunikabide bakarra kalea da.

Kalea denona da. Eta guztiona den heinean, ez da udalarena. Ezta udal gobernua lau urtez osatzeko ardura dutenena ere. Botere politikoak espazio publikoa kontrolatu eta arautzeko nahia ez da berria. Areago herritarron adierazpen askatasuna errotik baldintzatzen digun Mozal Legea indarrean dugun garaiotan. Pasa den mendean bezala, 2016an ere, adierazpen askatasunaren aldeko aldarriak ez du gaurkotasunik galdu, tamalez. Baina, zorionez, aurreikusten ez genuen lekuetan eta uste genuen baino eragile gehiagok bere egin du aldarrikapena. Espero ez genuena zen, ordea, Zumaian ere erabateko debekuaren bidetik joko zuela Udalak.

Zumaiako udal gobernuak hormak isilaraztea erabaki du. Hemendik aurrera herriko eremu publiko guztietan jartzen diren kartel eta pankarta guztiak kentzeko erabakia hartu du, edozein delarik horien eduki, mezu, jatorri edota helburua. Orain arte, astegunetan (astelehen eta ostegun artean) kartelak, pankartak eta abarrak kendu egiten ziren, baina, antza, horrekin nahikoa ez, eta udal gobernu berriak erabateko debekua ezarri du. Udaleko paneletatik kanpo kartel, pegatina eta bestelakoak jartzea debekatu dute. Oso erabaki gogorra da, zumaiar guzti-guztion eskubideei zuzenean eragiten die, baina, halere, politika egiteko ohiko eredu elitistaren arabera hartu dute. Hau da, gutxi batzuek hautatu dute denoi dagokiguna, iritzia galdetzeko ere intentzio zipitzik gabe.

Era askotako jendez osatutako herria maite dugu, herri aktiboa, ispiluan bere burua ikusteko beldur ez dena. Herri bizia. Inori baimenik eskatu beharrik gabe, asmoak eta ideiak konpartitzeko eta gauzatzeko grina duten pertsonez osatuko Zumaia. Kartelak ez dira kalean berez agertzen. Horma, panel, plaza eta tabernetara heldu aurretik, herritar multzo bat kartelen edukia eta ikuspegia erabakitzen aritu da; norbaitek pentsatu eta diseinatu ditu, norbaitek inprimatzera eraman, jasotzera joan eta ordaindu egin ditu. Horren ostean, beste batzuk beren denbora librean, herrian gora eta behera ibiliz, kartel horiek jartzen aritu dira nahi duenak irakur ditzan. Herritarren ahalegin hau guztia da udalak egunero ezabatzea erabaki duena.

Ondorengoa adierazi nahi diegu zumaiarrei eta Zumaiako udal gobernuari:

- EAJko udal gobernuak inorekin konpartitu gabe inposatu duen debekua atzera botatzea eskatzen dugu, eta horrekin batera, zumaiar eta herriko eragile guztien artean eztabaida eraikitzaile eta parte-hartzailea abiatzea.

- "Herria garbi eta txukun" nahi ez duen zumaiarrik ez da, baina horrek ez du justifikatzen adierazpen askatasunari debekuak ezartzea.

- Aldarrikapen sozial, kultural eta politikoak zikinkeriarekin lotzea ez da bidezkoa, udal gobernuaren egiazko asmoak ezkutatzeko jukutria da.

- Kartelak, pankartak eta abarrak debekatzea herriko sektorerik xumeenen kalterako izango da, beren mezuak komunikabide handietan agertzeko edo publizitate kanpainetan xahutzeko behar beste diru ez duen gehiengoaren kontrako zentsura da.

Beraz, denon onurako izango den eztabaida parte-hartzaile eta irekiari ekitea eskatzen diogu udal gobernuari, eta bereziki debekuaren bidea aukeratu duen alkateari eta EAJ alderdiari. Horrez gain, herritarrei eta herriko eragileei deia luzatzen diegu debekua bertan behera utz dezaten eskatzera, ondorengo emailean atxikimendua adieraziz: kaleaguztionada@gmail.com