Xey lantegia zegoen lekuan industrialde berri bat eraiki nahi du Eusko Jaurlaritzak

Julene Frantzesena 2022ko ots. 4a, 12:30

Zarautzen, berriz, Errotaberri eremuan hiru partzela erosiko ditu Eusko Jaurlaritzak, urbanizazio lanak egiteko, eta Zestoan partzela bat, industria proiektu bat martxan jartzeko. Alde batera utzita edo kutsatuta dauden lur industrialak berreskuratzeko asmoz, 32 herritan esku hartzeak egingo ditu Jaurlaritzak 2024ra bitartean.

Eusko Jaurlaritzak alde batera utzita edo kutsatuta dauden lur industrialak berreskuratzeko estrategia jarriko du martxan 2024. urtera bitartean. Hain zuzen ere, lurraren babeserako Euskadi 2030 planaren barruan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 32 herritan hainbat lan –askotariko 35 esku hartze, zehazki– egingo ditu erakundeak; horietako batzuk Urola Kostan. Hain zuzen ere, Oikian, Zarautzen eta Zestoan.

Oikian Xey lantegia zegoen lekuan egingo dituzte lanak. 2021ean Xey kokatuta zegoen eremuko lursail bat erosi zuen Jaurlaritzak, aurretik industrialde hartan eskuratuta zituen lurren osagarri. Industrialde guztia berritzeko asmoa agertu du erakundeak, eta Xey zegoen eremuari aterabidea eman nahi diote, han beste eraikin bat egiteko. Zarautzen, berriz, Errotaberri eremuan hiru partzela erosiko ditu Eusko Jaurlaritzak: orotara, 25.000 metro koadro inguru izango dira. Urbanizazio lanak egingo dituzte han hiru urtetan. Zestoan, berriz, partzela bat erosiko du erakundeak, enpresa proiektu bat garatzeko.

Jaurlaritzak azaldu duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago industria jarduerarako lur askorik, eta horregatik ari da lurraren ingurumen zaintzari, jasangarritasunari eta ekonomiaren garapenari garrantzia ematen. Erakundeak 2024ra arteko plan bat gauzatu du, eta plan horren bidez, kutsatuta diren 400 hektarea berreskuratuko ditu. Izan ere, lur horiek ingurumen lehentasun handikoak direla azaldu du. Berreskuratze lanak Sprilurrekin eta Ihoberekin batera gauzatuko ditu Jaurlaritzak, eta lanok 255 milioi euroko aurrekontua izango dute.

Erlazionatuak

Xey enpresaren hondarretatik

Maria Maya Manterola 2021 aza 14 Zumaia