Xey enpresaren hondarretatik

Maria Maya Manterola 2021ko aza. 14a, 11:00
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Ur putzuak, botak, kobratu gabeko fakturak, langileen arropak… Lau urte baino ez dira igaro Xey enpresaren Oikiako pabiloia itxi zutenetik, baina ikusgarria da denbora gutxian nola aldatu den haren itxura. Urriko Baleike aldizkariko erreportajea webgunean irakur daiteke orain.

56 urteko ibilbide gorabeheratsua izan zuen Xey enpresak. Urterik onenetan sukaldeko altzarien enpresa indartsuenen artean egon zen estatu mailan, eta 300 langileko plantilla izatera iritsi. Edonola ere, ez zen gai izan jabeen eskualdatzeen eta krisien gorabeherak gainditzeko, eta 2017an itxi zuten.  

Donostiako Ergobia auzoan sortu zen enpresa, 1961ean. Sei bazkidek sortu zuten enpresa eta hortik dator Xey izena, Pedro Etxabe Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroko (ZIIZ) kidearen esanetan. Hasieran, metalezko altzariak egiten zituzten, sukalderako mahaiak eta aulkiak, alegia. Hamarkada bat geroago erosi zituzten lurrak Oikian: 1971ko uztailean aurkeztu zioten proiektua Zumaiako Udalari, eta erantzuna jaso aurretik, abenduan, sute bat izan zen Ergobiako eraikinean. Horrek azkartu egin zuen, hein batean, Zumaiako plantaren eraikuntza, gertaera hartatik astebetera eman baitzien Udalak eraikitzen hasteko baimena. Bi urteko epean 18.000 metro karratuko pabiloia eraiki eta enpresa martxan jarri zuten.

Sukaldeko altzarien merkatuan berehala egin zuen bere lekua Xeyk. 1975erako sukalde integral modulatuak ere hasi zen eskaintzen bere katalogoan. Merkatuan zuen harrera onaren jakitun, hurrengo urtean handiagotu egin zuten Zumaiako planta: 27.000 metro karratu gehitu zitzaizkion. 

Eskutik eskura

Xeyren historian enpresak izan dituen jabego aldaketak nabarmentzekoak dira. 1965ean Banco Urquijok hartu zituen akziorik gehienak, eta enpresa sozietate anonimo gisa erregistratu zuen. Gutxi ezaguna den pasadizo bat gertatu zen 80ko hamarkadan. Izan ere, AEBetako merkatuan sartzeko ahalegin berezia egin zuen Xeyk, bertan fabrika berri bat eraikita. Xeyrenak ziren akzioen erdiak, eta AEBetako enpresa batzuenak beste erdiak. Handik bi urtera saiakera hura bertan behera geratu zen, ez zirelako gauza izan beraien produktua AEBetako baldintzetara egokitzeko.  

1986ra arte izan zen Banco Urquijo Xeyren jabe, urte horretan saldu baitzituen bere akzioak; enpresako zuzendaritzak hartu zituen erdiak. Hiru urtera, gainera, burtsan sartu zen, eta kapitala handitu zuen 80ko hamarkadaren amaieran. 

Krisien gorabeherak

1993ko krisiak gogor kolpatu zuen Xey ere, eta orduan egin zizkieten lehenengoz langileei aldi baterako erregulazio txostenak. Hiru urte lehenago, gainera, Urnietan zegoen Manufacturas Vega enpresa erosi zuen Xeyk. Dena den, krisi horri buelta ematea lortu zuten, eta merkatuan bere lekua egiteko estrategia berriak abian jarri zituzten. 

Horien artean da hiru marka komertzializatzearena. Xey zen gama altuko produktuena, Vegasa erdi mailakoa, eta Forma behekoa. Horrela lortu zuten 1997an irabaziak izatea. 300 langile zituzten orduan. Urte bat geroago beste enpresa bat erosteko ahalmena ere izan zuen, bainugelako altzariak egiten zituen Azpeitiko Grumal, hain zuzen ere. 

Jabegoan beste aldaketa handi bat gertatu zen 1999an. Masco Corporation izeneko enpresa amerikar batek erosi zuen osorik, eta sei urtez izan zen haren jabea. Saldu zutenean, zatiketa gertatu zen: arrisku kapitaleko enpresa batzuk sartu ziren tartean, eta Fagorrek erosi zuen Grumal, azkenean. Hurrengo hiru urteak onak izan ziren Xeyrentzat. Ez luzerako, ordea.

Higiezinek hondoa jo zuten krisi latza etorri zen 2008an; ordurako, Xeyk 60 milioi fakturatzen zituen, baina erdira jaitsi zen kopuru hori bost urtean. Hori izan zen Xeyren gainbeheraren hasiera. Ahaleginak egin zituzten arren, 2017an hartzekodunen ehiaketara irten zen, likidazioan sartu zen, eta itxi egin zuten. 

Garrantzi handiko enpresa izan zen estatu mailan sukaldeko altzarien enpresen artean, punta-puntakoa. Pedro Etxabe ZIIZeko koordinatzailearen hitzetan, jabegoan aldaketa asko egon izanak ekarri zion desegonkortasuna enpresari. Urteotan dokumentazio ugari jaso du ZIIZek, eta hari esker jakin dezakegu gaur egungo zumaiarrok Xey zer izan zen. Gaur egun, urte haien arrastoak besterik ez dira geratzen Oikiako planta zegoen lekuan. 

“Pena”

“Pena” da Xeyko langile ohiekin hitz eginda behin eta berriz ateratzen den hitza. Pena, samina, beraien ustetan enpresak etorkizuna bazuelako; pena, tristura, Oikiako plantaren gaur egungo egoera ikusita. Enpresa 2017an itxi zuten, eta lau urte geroago, faktoriaren oroitzapenak besterik ez dira geratuko.

Luis Mari Goikoetxea Goiko (Zumaia, 1949) 1975. urtean hasi zen Xeyn lanean. “Ostolazan hamar urte egin nituen lan, soldaduskaren aurretik eta ondoren. Gero, gure kontura hasi ginen lanean Banderas [Joxe Mari Odriozola] defuntuarekin; obretan-eta hasi ginen gure kontura, lana bazegoen orduan. Xeyra joateko aukera sortu zen, hitz egin genuen, eta balekoa. Harrezkero han aritu nintzen lanean, 31 urte inguru, jubilatu nintzen arte”. Goikoetxearen esanetan, “tailer ona zen, lana ondo egiten zen. Makina onak zituzten, erreminta onak, gauza onak ekartzen zituzten”. 

Arotza lanbidez, prototipoak egiten aritzen zen Goikoetxea. “Zarauztar batek egiten zuen lan hori, eta jubilatu zenean, niri deitu zidaten. Planoak hartu eta haien arabera egiten nituen prototipoak: armario bat honela egin behar zen, ate bat hala... Ikusten zutenean ondo zegoela, makinetara eraman eta hala ateratzen zituzten altzariak-eta”.

1980ko hamarkadaren hasieran, AEBko merkatuan sartzeko ahalegina egin zuen Xeyk, eta maletak egin eta bertara joan zen Goiko lanera. “1981. urtea zen, eta hara eraman gintuzten produkzioa pixka bat igotzeko. Baina hango jendea motela zen, lasaia gurekin alderatuta. Ezin izan genuen ezer lortu. Rhode Island estatuan zen [AEBtako ipar-ekialdean], eta hango gobernadorea ere saiatu zen zerbait bideratzen. Urte hartako Gabonetan bueltatu ginen, eta gero jakin genuen planta itxi egin zutela. Horren ondoren, bi urtez egon ginen jornala igo gabe enpresa aurrera ateratzeko. Eta atera zen, baina gero ez dakit zer gertatu zen”. 

Osasun arazoak zituela medio erretiratu zen Goikoetxea, 2006. urtean. “Zerbikaletako arazoak nituen, sorbaldatik ere operatu ninduten, behatzetan ere arazo batzuk nituen, eta azkenean inutilidadea lortu eta hala erretiratu nintzen”. Lana utzi bai, baina gerora, noizean behin, Oikiako plantara joaten zela dio, “lagunen batek laguntza behar zuelako. Azkeneko aldiz joan nintzenean, seme gaztea eramatera, ingeniari batekin hitz egin nuen, eta egoerari itxura txarra hartu nion. Hark bazekien zerbait, eta horrek asaldatu ninduen”.

Goikoetxeari ulergaitza egiten zaio Xeyk izandako gainbehera eta ez du baztertzen kudeatzaileek nahita ixtea. “Lana bazegoen, eta lana lortzen ere oso onak ziren. Mundu guztian egiten genuen lan garai hartan. Lana ekartzen zuten, lan asko; lana beti egon da han. Pena da halako enpresa bat egun batetik bestera ixtea, ikusita, gainera, nola funtzionatu duen, ondo funtzionatu du-eta. Orain autopistatik pasa eta ikusten dudanean nola dagoen enpresa, pena handia ematen dit. Pena. Baina guk hor ezin dugu ezer egin, eta...”. 

Mikel Etxabe (Zumaia, 1982) oraindik ere hunkitu egiten da Xey enpresaz hitz egiten duenean. Bi garaitan egin zuen lan Oikiako plantan, eta une onak eta txarrak bizi izan zituen, enpresaren itxiera bera barne. “Oso gogorra izan zen. Orain hobeto nago, baina gure etxean ondo gogoan dute nola pasatu nuen garai hura”.

Higiezinen burbuila puri-purian zegoenean hasi zen Etxabe lanean Xeyn. “Lanbide Heziketa amaituta, hamazazpi urterekin, Ostolaza aroztegian hasi nintzen lanean, eta han izan nuen Xeyrekin lehen kontaktua: azpikontratatuta egiten genuen lan. Gero, enpresan lan egiteko deitu ninduten”. Etxebizitzak bata bestearen atzetik egiten zituzten garaia zen, eta haiek altzariekin hornitu behar ziren. Berekin batera langile asko sartu zirela du gogoan. “Plantillakoak eta aldi baterako lanerako enpresetako (ABLE) jendea batuta, 340 langile izatera helduko ginen”. Astero milatik gora altzari ateratzen zirela dio. Baina 2008ko krisialdia etorri zen, eta horrek kolokan jarri zuen enpresaren etorkizuna. “Aldi baterako kontratua nuen nik. Lehenbizi ABLEetako jendea kaleratu zuten, eta atzetik joan ginen aldi baterako kontratuak genituenak”.

Xeyko lehen etapa amaituta, Azpeitian hasi zen Etxabe lanean. “Bederatzi bat urte egingo nituen han, Azpeitian. Nik Xeyn ondo bukatu nuen, harremana mantentzen nuen, eta halako batean deitu zidaten jakiteko zein zen nire egoera. Ez nengoen gustura Azpeitian, erreta nengoen, eta Xeyko arduradunekin hitz eginda, esan zidaten berehala hasteko jendea behar zutela. Hala bueltatu nintzen”. 

Krisiaren okerrena pasatuta, enpresa lehengo egoerara bueltatzen ari zela dio. “Fakturazioa igotzen ari zen, eta lana ere bagenuen. Ordu estrak ere sartu behar izan genituen, ez ginelako denera heltzen. Ez ziren, lehen bezala, serieko altzariak egiten; gama altuko altzariak egiten genituen, dirua uzten zutenak”. Garai horretan finko egin zuten enpresan.


Argazkia: Zumaiako Udal artxiboa.

2017ko otsailean hasi zen amesgaiztoa. “Ez dut inoiz ahaztuko. Arratsalde batean Juan Fano [Xeyko orduko administratzailea] jaitsi zen eta hasi zitzaigun esaten fakturazioa ‘zenbaki magikoetara’ igoko zela. Hori otsailean izan zen; martxoan ez genuen nomina kobratu, apirilean ere ez. Maiatzean martxokoa kobratu genuen, baina ez maiatzekoa. Lana bazegoela ikusi genuen, eta enpresara joaten jarraitu genuen”. Guztira sei hilabete kobratu gabe geratu zela dio Etxabek. “Gero denok dakiguna etorri zen: hartzekodunen lehiaketa, itxiera, hori guztia... Arantza bat geratu zaigu, ikusten genuelako lana bazegoela eta enpresa bideragarria zela. Baina hor dirua xahutu zuten, eta hori epaiketan demostratuta geratu zen”.

CAFen egiten du orain lan Etxabek, baina noizean behin hurreratzen da Oikiara, enpresa zegoen lekura. “Langile ohien WhatsAppeko talde bat mantentzen dugu, eta eraisteen argazkiak partekatzen ditugu. Hara joan izan naizenean beste langile batzuekin egin dut topo bertan. Kristoren tristura sentitzen dut, arantza horrekin gelditu ginen eta. Nik gustura egin nuen han lan...”.