69.000 metro koadro atonduko ditu Sprilurrek Oikian enpresa berriak erakartzeko

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 16a, 15:27

69.000 metro koadro atondu ditu Sprilur sozietate publikoak Oikian. Horietatik 47.400 metro koadro Xey enpresaren instalazio zaharretan kokatzen dira. Enpresa berriak erakartzea dute helburu neurri horiek.

Zumaiako Udalak eta Sprilur sozietate publikoak salerosketa akordioa sinatu zuten 2021 hasieran. Hitzamen horren barruan, Oikiako industrialdea egokitzeko asmoz, udalaren jabetzakoa zen Xey industriaguneko lursail bat saldu zion udalak Sprilurri. Udalak azaldu duenez, "Xey industrigunea biziberritu eta herrira enpresa berriak ekartzeko pausuak eman nahi dute bi aldeek".

Behin Zumaiako Udalak urbanizazio-proiektuari onespena emanda, Gipuzkoako lurzoru industrialaren eskaintza indartuko du Sprilurrek, "Zumaiako Oikia industriagunean 69.000 metro koadro erabilera industrialerako atonduz". Proiektu honen helburua da "espazio aproposak sortzea eta ingurune industriala egokitzea enpresa-proiektu berriak ezar daitezen eskualde horretan".

Xeyren instalazio zaharren 47.400 metro koadroei, Sprilurrek lantegi ohi horren inguruan erositako beste 22.000 metro koadro gehitu behar zaizkie. Sozietate publikoaren esanetan, "azalera hori guztia egokitzerakoan, asko indartuko da Gipuzkoako lurzoru industrialaren eskaintza".

Eusko Jaurlaritzak Azpiegituretarako Ezohiko Funtsak onartu ditu kaltetutako lurzoru industrialak berroneratzeko eta jarduera ekonomikoetarako balioan jartzeko, eta hain zuzen, Sprilur-ek funts horiek baliatuko ditu Zumaiako Oikia industrialdea birgaitzea helburu duen proiektua aurrera eramateko.

Iñaki Ostolaza alkatearen arabera "herriko ehun industrialari indartsu eustea erronka garrantzitsua da, kalitatezko lanpostuak mantendu eta ahal den neurrian berriak sortzeko. Horretarako herrian dauden enpresak mantentzeaz gain etorkizunean enpresa berrien etorrera bilatzen da, eta helburu horretan aurrera egiteko paper garrantzitsua bete dezake Xey industrialdeak". “Industrialdea 1970 hamarkadakoa den arren impasse egoera batean aurkitzen da azken urteotan, eta orain ematen ari garen pausoekin etorkizunean industrigune hau garatzea nahiko genuke”, gaineratu du.

Bi fase

Zumaiako Oikia industrialdearen lehengoratze-lanak bi fasetan egingo direla azaldu dute. Lehenik eta behin, Sprilur iragan azaroan hasi zen Xey-ren instalazio zaharrak eraisten eta hondakinak erretiratzen, lurraren kalitateari dagokion ziurtagiria lortzeko. Hasierako 47.400 metro koadro horiek atondu ondoren, udalak ohar baten bidez azaldu duenez, posible izango da jarduera gehiago garatzea edo enpresak bertan ezartzea. Aurreikuspenen arabera, lehen fase hau 2022ko lehen hiruhilekoan amaituko da, eta sozietate publikoak 240.000 euroko inbertsioa aktibatu du lanak garatzeko.

Behin lan hauek amaituta, 2022. urte hasieran ekingo dio Sprilurrek beste zazpi partzelak lehengoratzeko laneu. Kasu honetan, proiektuaren helburua "espazioa berrurbanizatzea" izango da, eta, azaldu dutenez, hainbat lan egingo ditu horretarako: bi biribilguneen arteko errepidearen kota altxatzea, zazpi partzela industrialak agregakin balorizatuekin betetzea eta Urola ibaiaren ondoko partzeletan uholdeetatik babesteko neurriak hartzea. Horretarako, Sprilur-ek altxatu egingo du urez bete daitekeen azalera, babestuta egon dadin ibaiak gainezka egitean. Fase horretarako 705.000 euroko inbertsioa aurreikusi da.