Josi ditzagun Zumaiako kaleak adierazpen askatasunaren kolorez

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2016ko uzt. 1a, 11:05

Udalak zabaldu duen azken oharraren harira, aurrerapauso txiki bat ikusten dugu. Zer da orain arte Udalak egin duena? Pankarta eta kartelei debekua ezartzeaz gain, herritarrek herriarentzat egindako lau mural ezabatu ditu, azkena aurreko asteburuko Picassoren Gernika. Bost hilabeteren ostean orain alkateak dio eremu publikoetan arte adierazpenak ezartzearen alde dagoela. Adierazpenerako panel gehiago ezarriko dituela ere adierazi du, hori ere positibotzat jotzen dugu.

Zeharka bada ere, debekuaren eta zentsura itsuaren bidetik jo izanagatik herrian arazo bat sortu dutela onartu du Udalak, hortik dator, inork galdetu gabe, arte adierazpenen alde dagoela bi aldiz azpimarratu beharra.

Baina hori bai, –eta hauxe da gakoa– dena mugatuta; herritarren eskaera eta proposamenak jaso eta beraiek aztertzeko borondate soila aipatzen du, hau da, bide bakarra markatu dute: Herritarrak udalera joan daitezke jarri edo egin nahi dutena proposatuaz, baina Udal Gobernukoei ez bazaie gustatzen ez da jarriko eta herritarrek beren asmoarekin jarraituz gero, zentsuratu egingo dute, gaur arte egiten ari diren bezala.

Ordenantzari dagokionez, Udalak idatziko du eta behin eduki guztia erabakita duenean herritar eta eragileekin partekatzeko borondatea adierazi du. Hau da, kartelak, pankartak, muralak, pegatinak… jartzeari zenbateko isunak erabakitzen dituztenean. Eta berdin kartelentzako panelen kokalekuari dagokionez.

Zumaiako Udalak gauzen ordena nahasi du: Lehenbizi debeku arbitrario eta erabatekoa aplikatzeko erabakia hartu zuen inorekin partekatu gabe, eta ondoren debeku hori modu itsuan ezartzen ari da, batzuetan absurdoaren mugak gaindituz.

Udalak benetan eztabaida hau modu eraginkorrean konpondu nahi badu, oso erraza du: politikari gutxi batzuen artean guztioi inposatu diguten debekua bertan behera uztea. Eta jarraian, benetako eztabaida foroa eratzea, herritar eta eragileentzat irekia dena, denen artean akordio batera iristeko. Politika egiteko era autoritarioa inoiz ez da konponbidea izango, erabaki guztiak beti hobeak dira konpartituak direnean.

Ez zaitezte erabaki oker batean gotortu, beste behin ere hitz egiteko gure eskua luzatzen dizuegu. Josi ditzagun denon artean Zumaiako kaleak kolorez, zentsuraren marroiaz harago.

Kontaktua eta informazio gehiago:
www.facebook.com/kaleaguztionada
kaleaguztionada@gmail.com