Zumaiako kaleak kolorez josiko dira udan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko eka. 28a, 15:10

Uztailaren lehen astetik uda amaiera bitarte, ikusgai egongo da Zumaiako kaleetan, Udalak eta Distira Argazki Elkarteak azken 6 hilabeteetan zehar elkarlanean antolatutako argazki erakusketa. Honen harira, Udalak, eremu publikoetan aurkezpen artistikoak ezartzearen alde dagoela berretsi eta horrelako proposamenak jaso eta aztertzeko prest dagoela azpimarratu du. Era berean Udaletik adierazi dute, datozen asteetan, adierazpenak egiteko eta informazioa jartzeko 21 panel gehiago ezarriko direla Zumaiako puntu estrategikoenetan

Uztailaren lehen astetik uda amaiera bitarte, Zumaiako kaleak, kolorez josiko dira. Euskal Kulturaren Kolorez hain zuzen, izan ere, iraileko Olarro Eguna bitarte, herritarrek ikusgai izango baitute Udalak, Distira Argazki Elkartearekin batera azken hilabeteetan zehar landu eta jorratutako argazki erakusketa hau. Horiek horrela, erakusketak 13 egile zumaiarren lanak bilduko ditu, 2x3 metroko 13 horma irudi hain zuzen eta argazkiak Zumaiako kaleetan zehar ezarriko dira aurten lehen aldiz.

Aipatutako erakusketak euskal kultura ardatz hartuko du eta mota askotariko argazkiak izango ditu: paisaiak, kirol jarduerak… Ekimen honen bitartez, Udalak, herri biziaren aldeko apustua egiten du, uda sasoian Zumaiako kaleak alaituz, girotuz eta koloretuz. Era berean, Distira Argazki Elkarteko kideei ere eskerrak eman nahi izan dizkio Udalak, erakusketa honen antolaketan egindako lanagatik.

Ildo honetatik, Udalak, eremu publikoetan aurkezpen artistikoak egin eta ezartzearen alde dagoela berretsi du. Proposamen artistikoak zein bestelakoak ere ongietorriak izango direla adierazi eta eskaera hauek bideratzeko, Udaletxeko ateak zabalik daudela gogorarazi du. Udala prest dago herritarren eskaerak eta proposamenak jaso eta aztertzeko, helburu baitu, guztion artean, modu ordenatu batean eremu publikoak eta hauen erabilera definitzea.

Honen harira, datozen asteetan, informazioa eta kartelak ezartzeko panel kopurua hirukoiztuko dela jakinarazi du Udalak. Hauek, Zumaiako puntu estrategikoetan ezarriko dira, hala nola, zubietan edo igogailuetan eta beren kokapena herriko eragileekin partekatuko da. Neurri honek helburu du herria eta herriko eremu zein ondarea txukun eta garbi mantentzea, baita herritar guztien arteko elkarbizitza egokia bermatzea ere. Ildo beretik, udal gobernuak garbiketa ordenantzaren inguruan lanean jarraitzen duela eta uda ostean, herriko eragileekin bilduko dela  azpimarratu du, ordenantzaren nondik norakoak beraiekin partekatzeko.