Zumaiako hitz bereziak: MANTAR

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko urr. 8a, 09:29
Garai bateko jantziekin, mantar eta guzti. Argazkia: Azkoitiko Maxixatzen gunetik hartutakoa

Arrantza kontuetatik baserri girora egingo dugu aste honetako jauzia, hitzen antzekotasuna tarteko. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Abarkekin batera janzteko zakuekin egindako galtzerdi moduko batzuei deitzen diegu Zumaian “mantarrak”. Juan Garmendia Larrañagaren Hiztegi Etnografikoan horrela definitzen dira: bereziki zangoak elur eta bustitzetik babesteko erabiltzen ziren ehunezko zapiak. Beste toki batzuetan “amantar” edo “azpantar”  esaten zaie, eta  Orotariko Euskal Hiztegian agertzen denaren arabera, emakumezkoen blusa edo alkandora batzuei eta eskutrapuei ere esan izan zaie “mantarrak”.

Xanti eta Anjel Osa Arrizabalagak Ahotsak.eus egitasmoko bideo honetan azaltzen dute esaera batek dioena: “denerako ez zen izango dirurik eta, urte batean abarkak eta bestean mantarrak”.

Eskualdean ere jaso ditugu adibide batzuk; Txiliku idazle zarauztarrak bere  Antigoaleko hiztegian: jaso zuen hitza, eta Kepa Alberdik garai bateko azkoitiarren jantziei buruz idatzi zuen  maxixatzen.eus gunean:

1920. urtearen inguruan hasi ziren saltzen kautxuzko abarkak Tolosako denda batzuetan. Baserri bakoitzean egiten ziren familia osoarentzat abarkak, txahal eta behi narruarekin eginda. XVIII. mendeaz geroztik, ordea, horien erabilera asko murriztu zen, abarketen erabilera gehitzen joan baitzen. Abarkekin batera, polainen antzeko ardi ilez egindako mantarrak edo bestela galtzerdiak janzten zituzten. Galtzak ez zikintzeko, galtzerdiak kanpotik janzten zituzten. Ez beti, ordea; herrira sartzerakoan galtzak galtzerdien gainetik jartzen baitzituzten galtzerdi zikinak ezkutatzeko.

Txomin Agirrek ere erabili zuen Garoa eleberrian:

Baño, batez ere, Joanes ta Malentxo ziran alkar artuak eta bata bestearen maitale andiak. Malenek ertetzen zion aitonari larrañera, ura menditik  zetorrenean; Malenek  kentzen  zizkion  sorbaldetako  zorro  ta  esne ontziak, Malenek  abarka  mantar  legorrak  atera, Malenek  barruko  jantzi zuri  garbiak  oe  gañean  ipiñi.

Joan den astean mandarrasa hitzaren jatorria “mantar” honetan egon zitekeela idatzi genuen, bietarako zakuak erabiltzen zirela kontuan hartuta, baina badirudi gaztelaniazko “remanga”-rekin izango duela lotura (“mangarrasa” esaten diote toki askotan), hura ere izkirak harrapatzeko sare berezia delako.