Zumaiako hitz bereziak: MANDARRASA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko urr. 1a, 10:25
Migel Manterola zena errioan mandarrasarekin. (Argazkia: Inaxio Manterolak utzitakoa)

Arrantza kontuekin jarraituta,  tresna berezi bat ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatu edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Izkirak eta antzekoak harrapatzeko eskusare berezi bati deitzen diogu Zumaian “mandarrasa”. Beste hitz batzuekin nahasita edo, antzeko forma gehiago ere jaso ditugu: mangarrasa, bandarrasa, baldarrasa… Gaztelaniaz "remanga" deitzen diote eta jasota dago RAEren hiztegian.

Akelino Osak Ahotsak.eus egitasmoko bideo honetan azaltzen du “baldarrasa” erabiltzen zutela “ixkirak” txalupatik harrapatzeko. Aurrekoak hartu bi makilak sarearekin eta atzekoa arraunean aritzen zen, ur izkinara bultzatzen; poltsa batean gordetzen zituzten sarekada bakoitzean hartutakoak. Orduan aukeran izaten omen zen izkira, ugari.

Xabier Alberdi eta Suso Perez historialariek hauxe idatzi zuten Artzape aldizkarian 2008ko maiatzean:  

Kontuan izan behar dugu gainera, orain dela mende bat inguru arte, itsasontzirik gabeko arrantza motak erabili direla gure inguruan: angulak, geldoa, izkirak eta tankerako arraintxoak harrapatzeko, baia, salabardo, pottormajo, mangarrasa eta antzerako eskusareak.

Hondarribian “panderreta” esaten diote eta Constantino Virtok Arrantzaleak liburuan aparailu hau nola egiten zen azaltzen du: zaku bati josturak askatu, aldeak haga banari lotu eta aurrealdean berun batzuk jarri behar zaizkio. Ikusi arrantzale batzuk Hendaian izkirak harrapatzen, atzean Hondarribia dutela.

Hitzaren jatorriari dagokionez, mantar izenaren antza handia du. Gainera, bietarako zakuak erabiltzen zirenez… Saiatuko gara gehixeago ikertu eta laster lotura horren berri hementxe ematen.