Zumaiako hitz bereziak: IREGI

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko eka. 25a, 08:44
Itzurundik Arranplarako zeharkaldia, 2019an. (Argazkia: baleike.eus)

Ur kontuekin amaitzeko, busti-bustia da oporren aurreko azken hitza ere. Irailean jarraituko dugu. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Igeri esateko “iregi” ere erabiltzen da Zumaian. Getarian ere berdin, begira zer zioen Andres Alberdik, Getariako Artzape aldizkariaren 206. zenbakian, 2020ko abuztuan:

Iregian egin entzuten badugu, ziur samar egon gaitezke inguru horretan getariarren bat dabilela. Toki gehienetan igeri egin, igerian egin esaten zaio ekintza horri, uretan hondoratu gabe ibiltzeari alegia; eta hala ageri da hiztegietan. Euskara batuan ere forma horixe nagusitu da. Getarian bereiz samar moldatzen dugu, ordea, hitz hori.  (…) Metatesia esaten zaion hizkuntza-moldaera bat egiten dugu hitz horretan getariarrok; hau da, hitzaren barneko letra bat tokiz aldatzen dugu.

Zumaiako adibideetara etorrita, lehenbizikoa Anjel Osa Añeza-rena da, Abelin Linazisorok 2006ko irailean egin zion elkarrizketakoa:

 Iregi ondo ikasteko astirik ere ez ginien izan. Iregia laga eta soura jun behar izaten ginien. Bestiak iregian eta gu lanera. Mariarik onenean askotan.

Bigarren adibidea Orrua aldizkarikoa da, Trabuko ezizeneko batek sinatua, 10. zenbakian, baina guk 1996ko abenduko Baleiketik hartu dugu, 30. zenbakitik:

Udan normalean diru arazorik ez genuen izaten "turistei" eskerrak. Eguraldi onei eskerrak herriko hotelak (Amaya, Zumaya, Uranga, Ibarra. . .) "beraneantez" beteta egoten ziren . Gu mutil "koxkorrok" (neska koxkorrei ez zieten uzten) "Hotel Amaya" aurreko arranplan iregi egiten genuen eta hoteleko "frantsesak" guri begira ikusi orduko "Etxen perras ke sakamos kon la boka" deiadarra egiten genien. Alajaina! Euskaldunak frantsesei espainolez hitz egiten! Frantsesak eskukada bat txanpon bota, gu hondora joan, txanponak eskuan hartu, ahoan sartu eta ur gainean azaltzen ginen ahozabalik txanponak barruan erakusten, eta frantsesak "Ouh la la ". Gure artean nahiko "txarri burruka" izaten genuen nork txanpon gehiago atera! baina bi lege jator genituen : 1- Ezin ginen sartu buruz behera txanponak hondoa ikutu arte, eta 2- Iregian egon behar genuen alturatik zanbullik egin gabe. Beraz, "arnasa" gehiena zeukana txapeldun! Bai, turistei zor diegu udan egunero zinera joatea.

Baleike.eus webgunean bertan ere topatu dugu adibide berriago bat, Taosa igeri taldeko Asier Olasagastik esandakoa:

Agian jende bat beldur izango da pentsatzen duelako ez duela maila emango, baina lasai egon daiteke. Igerian dabiltzan guztiek zabaldu nahi dizkiegu ateak. Noski, aurretik proba antzerako bat egongo da. Hau dagoeneko iregian dakitenentzako da; bestela badaude ikastaro gehiago Lubakin.

Putxuzuloetan, errioan, hondartzan, zanbuila eginda ala bestela, iregian gozatu eta udara on!