Taosa igeri klubak igerilari guztiei zabaldu nahi dizkie Murua eta Unanue triatletekin burutzen dituzten entrenamenduak

Baleike 2015ko urr. 28a, 18:16

Taosa Igeri Klubak azaroaren 6an hasiko ditu berriro entrenamenduak. Iaz gertatu bezala, lehen mailako bi entrenatzaile izango dituzte klubeko igerilariek: Ainhoa Murua eta Jon Unanue triatletak. Taldekideentzat bakarrik ez, igerian aritu nahi duten guztiei zabaldu nahi dizkiete aurten entrenamenduak. Hauen berri emateko, bilera ireki bat izango da azaroaren 4an, asteazkenean, Lubaki kiroldegian. 

Taosa taldea osatzen duten igerilariak pasa den urtean hasi ziren entrenamendu saio hauek egiten bi triatleta hauekin. Astean behin izaten dira saioak, ostiral arratsaldetan, Lubaki kiroldegiko igerilekuan. "Ostiralekoak entrenamendu presentzialak izaten dira. Gero, astean zehar egiteko prestakuntza ere bidaltzen digute posta eletroniko bidez guk igerilekuan burutu dezagun", azaldu digu Asier Olasagastik, Taosa taldeko kideak. Jasotako prestakuntza gero burutzen dituzten zeharkaldietan igarri egiten dela ere azpimarratu du.

Taosa taldea berez osatu gabe zegoenean hasi zituzten entrenamendu hauek. Orain, baina, kluba erabat legeztatuta dago eta eskaintza igerian aritzen den edonori zabaldu nahi diote. "Taldean une honetan 15 bat lagun gaude, baina egindako itsas zeharkaldietan ikusi dugu zumaiar asko aritzen dela igerian. Zarauzko edo Debako probetan zumaiar pila bat zegoen eta haiei guztiei ere entrenamendu hauetan aritzeko aukera zabaldu nahi diegu", aipatu du Olasagastik. 

"Agian jende bat beldur izango da pentsatzen duelako ez duela maila emango, baina lasai egon daiteke. Igerian dabiltzan guztiek zabaldu nahi dizkiegu ateak. Noski, aurretik proba antzerako bat egongo da. Hau dagoeneko iregian dakitenentzako da; bestela badaude ikastaro gehiago Lubakin", gaineratu digu.

Entrenamendu hauetan parte hartu nahi dutenei zuzenduta bilera ireki bat egingo da azaroaren 4an, asteazkena, 19:00etan Lubaki kiroldegian bertan. Agertu ezin dutenek azaroaren 6an izango den lehen entrenamendura agertzea izango dute, 18:30etik aurrera.

Taldea dagoeneko eratuta dago eta badituzte hainbat asmo. Horien artean Zumaian bertan itsas zeharkaldi bat egitea. Oraindik data eta bete beharreko distantzia guztiz erabaki gabe dute.