Zumaiako hitz bereziak: TRIÑAU

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko abe. 4a, 08:33
Luis Karrilen taldea, 1890ean garaile. (Argazkia: Estropadak liburua, Rafael Agirre Francorena).

Peruk proposatutako hitza ekarri dugu aste honetan, duela 130 urte jokatutako estropadaren aitzakiarekin. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Patroi bat eta hamahiru arraunlarirentzat lekua duen ontziari deitzen diogu Zumaian “triñau”, hau da, forma estandarrean “traineru” esaten zaionari. Beste aldaera batzuk ere baditu: trañeru, treinero, triñero… Arraunak kirol bezala lehiatzeko modalitateen artean Kantauri itsasoan nagusitu den ontzia da.  Wikipediak azaltzen digunez, jatorrian, inguraketa arrantzarako erabiltzen ziren arraun-ontziak ziren, batez ere antxoa harrapatzeko; maiz bela txiki bat izaten zuten lagungarri. Izena “traina” izeneko saretik hartu zuen ontziak. 

Abelin Linazisorok Joxe Etxabe Bittarte-ri egindako elkarrizketakoa da lehen adibidea, 2008ko abenduan Baleike aldizkarian argitaratua:

Febreruan hasten giñun entrenatzen. Beduan. Triñau zaharrakin. Entrenamentua jaietan bakarrik eiten giñun. Geo, Kontxako estropa baino hilabete leheno itsasoan ibiltzen giñun. Egunero. Gimnasia kofraiko terrazan eiten giñun.

Bigarrena Bixente Esteibarrek esandakoa da, 2004ko ekaineko elkarrizketan:

Guri gehixen gustatzen zikuna uretako festa huan. Estropak. Bateletan sekula ez ginien irabazi. Kontraxuak triñauko mutilak izaten hittuan: Xeapin Aldalur, Akebarro, Gorostola, Iñaki Yeregi… haiei ez zegoan irabazterik.

Ahotsak.eus-en Bixente Esteibarrek berak esandakoa da beste hau:

Behin hamalau urte ezkeo triñauakin jute nitxuan, triñauan laguntzea (…) Tipula ta binagriakin masa bat in ta brillua ta ateatzeko zikiño huan ta orduan triñau danak beltzak izate hitxuan.

Abelin Linazasororena da beste adibide hau:

 Umetan jute gitxunan ikustea arraunlaiak nola ertzentze zuen barratikan aurrea ta geo bueltakuan ite giñanan saltaka zeatikan ia barratikan arranplaño triñauakin batea.

Eta hau Jexux Gorostolarena,  “atoia” zer zen galdetu ziotenean:

 Atoia esaten zixoen, atoira. Zan, ba, triñeua bezelako bat, arraunian danak, "raka-raka, raka-raka".  Amarrauta soka, ta hura ekartzen.

2001eko irailean Zestoako Danbolin aldizkarian ere badago beste adibide bat, zestoarra izan arren Telmo Deun ontzian zebilen Xabier Bereziartuari egindako elkarrizketa batekoa, dopinaren inguruan galdetu ziotenean:

 Arraun mundua barrutik bizi dugun askok ikusten dugu triñaubatzuk, urte guztian atzean ibili direnak, zenbait estropadatan kolpera asko igo direla.

Badihardugu euskara elkartearen Zarauz hizketan liburuan ere jasota dago “triñau”  hitza, eta horren adibide dugu Joxe Makazaga zarauztarrak esana:

 1961ekua re xelebria izan zan. Oriyon bi bando in zian trainerillak bukauta triñaua ateatzeko, bi bando etzian alkartu triñaurako.