130 urte donostiarrek estropada gogoangarri bat irabazi zutela

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia 2020ko abe. 2a, 15:15
Luis Karrilen talde garailea. INVENCIBLES" jartzen du ontziaren alboko plakak. (Munoa funtsa, Kutxateka).

1890eko abenduaren 2an, duela 130 urte, estropada gogor bat jokatu zuten donostiarrek eta ondarroarrek, Kantauriko traineru onena zein zen erabakitzeko.  Lekeition hasi eta Getaria aldera 10 miliako distantzia adostuta, traineru bakoitzak 25.000 pezeta jarri zituen jokoan. Donostiarrek irabazi zuten apustua, Luis Karril patroi zutela.

Itxura denez, Bilbon estropada handi bat irabazi zuten aurrez ondarroarrek, eta “Invencible del Cantábrico” titulua eman zieten. Horrek mindu egin zituen donostiarrak, arrantza garaian egonda, Bilboko estropada hura jokatzerik izan ez zutelako. Horregatik, elkarte batzuk mugitzen hasi ziren, desafioa lotu eta onena zein zen erabakitzeko.  Negoziazioak luzatu egin ziren, eta estropada bi aldiz atzeratu ere egin zuten, itsaso txarra tarteko. Azkenean, astegun buruzuri batean jokatu zuten, hotz izugarriarekin eta itsasertzeko mendiak zurituta zeudela.

ALE ARRAUNEAN abestiari buruzko artikuluan aipatu genuen Manuel Beobide zumaiarra estropada hura ikusten eta kontatzen aritu zela, kataloxa handi batzuk hartuta. Jexux Eizagirrek esan zigun toki batzuetan oker ematen dela desafio haren berri, “Getarian amaitu” zela diotelako, Wikipedian bertan ere bai, eta kontua San Anton mendia enfilaziorako erreferentzia besterik ez zela. Amaiera non izan zen? Zumaiatik oso hurre, eta horregatik elkartu ziren ikusle asko Santa Klara eta Talaimendi aldean. Donostiarrek 81 minutu behar izan zituzten estropada amaitzeko, eta ondarroarrak minutu eta edo geroago iritsi ziren.

Zumaian mugimendu handia izan zuen egun haietan, eta merezi du beste artikulu batean azaltzea.  Ea Imanol urtarrileko aldizkariko “Orduan bai” atalean emateko moduan den.