Festa giroan jokatu da Bera Bera eta Handbol Sant Quirze-ren arteko partida ofiziala

Onintza Lete Arrieta 2022ko ots. 13a, 11:08

27-16 emaitzarekin gailendu ziren atzo iluntzean euskaldunak katalanen aurka Lubaki kiroldegian, baina emaitza izan zen gutxienekoa. Sarrera guztiak agortuta, Pulpo eskubaloi klubeko jokalariek eta jarraitzaileek gozatua hartu zuten, izan ere, aurreneko aldiz goi mailako norgehiagoka etxean bertan ikusita.

Giro bikaina sortu zen atzo iluntzean Lubaki kiroldegian Super Amara Bera Bera eta Handbol Sant Quirze taldeen arteko ligako partidaren harira.

Sarrera guztiak agortuta zeuden aurrez, eta zumaiarrek beren berotasuna erakutsi zieten Bera Berakoei txalo, oihu eta bonbo hotsekin. Pulpoko gaztetxo asko bertaratu zen, eta herritarrek ere ez zuten hutsik egin. Aurreneko aldia zen, gainera, Lubakin goi mailako eskubaloi partida ofizial bat jokatzen zena.

Bera Berak ere lagundu zuen giroa berotzen, musika eta taldearen maskota ekarrita. Partidaren amaieran, zumaiarrek aukera izan zuten Bera Berako jokalariekin argazkiak egiteko, eta talde argazkia ere atera zuten hiru klubetako kide guztiek.

Festa borobiltzeko, gainera, euskaldunek irabazi zieten katalanei 27-16 emaitzarekin. Sant Quirzekoak indartsu atera ziren kantxara, berentzat puntu garrantzitsuak zeudelako jokoan –jaitsieratik gertu daude sailkapenean– eta aurreneko zatian paretsu ibili ziren goletan.

Gero, ordea, defentsan lan handia egin behar izan duen arren, partidan nagusitzen joan da Bera Bera, eta bi puntuak eskuratu ditu.