Iban Narbaiza: "Guretzat garrantzitsua da neskek erreferenteak izatea eta eliteko jokalariak ikustea"

Onintza Lete Arrieta 2022ko ots. 13a, 12:22

Partida amaitutakoan talde argazkia atera zuten (Argazkia: Iban Narbaiza)

Pulpo eskubaloi klubeko presidentea "oso pozik" dago atzo iluntzean Lubakin izan zen "festa" dela eta. Goi mailako eskubaloi partida ikusteko aukera izan zen herrian, eta "pena bakarra" du: edukiera murrizketengatik jende asko sarrera gabe gelditu izana.

Sekulako giroa eta festa bizi izan zuten atzo iluntzean zumaiarrek Lubaki kiroldegian, Super Amara Bera Bera eta Handbol Sant Quirze taldeen arteko partidaren harira –ikusi hemen argazki bilduma eta kronikatxoa–.

Ligako partida ofiziala jokatu zuten euskaldunek eta kataluniarrek, eta garaipena etxekoentzat izateaz gain (27-16), goi mailako jokalariak bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten Pulpo eskubaloi klubeko jokalari gaztetxoek.

Iban Narbaiza Pulpoko presidenteak azpimarratu du hori zela klubaren helburuetako bat. "Guretzat oso garrantzitsua da klubeko neskei eliteko jokalariak erakustea, erreferenteak eskaintzea". Izan ere, iaz klubean ikerketa mardula egin zuten berdintasunaz eta kirolaz, eta ondorioetako bat izan zen maila gazteneetan neska kopuruak mutilena bikoiztu arren, adinean aurrera egin ahala alderantzizkoa dela joera.

Beraz, goi mailako partida herrira ekarrita, neskei erakutsi nahi izan diete noraino irits daitezkeen kirola eginez jarraituta. Hala, Narbaizak esan du bide horretan lanean jarraituko dutela aurrerantzean ere.

Horrez gain, beste helburua zen "zumaiarrek eta gure jokalariek goi mailako eskubaloi ikuskizunaz gozatzea, festa izatea", eta uste du hori ederki lortu zela. "Pena bakarra dugu: edukiera murrizketengatik herritar asko kanpoan gelditu izana", esan du. Narbaizaren arabera, beste 150-200 sarrera erraz salduko zituzketen.

Berez aspaldi jokatzekoa ziren partida hori Lubakin, baina pandemiagatik atzeratu eta atzeratu egin behar izan dute. Pulporentzat ekitaldi garrantzitsua zen zinez, aurreneko aldiz jokatu baita maila horretako partida ofizial bat bertan.

Hala, Narbaizak aitortu du klubeko arduradunak "urduri" egon zirela hasieran, dena ondo ateratzea nahi zutelako, baina argi du "errepikatzeko moduko esperientzia" izan dela: "Bera Berak maskota ekarri zuen eta musika, eta guk ere bonboarekin eta jardun genuen. Ikaragarria izan zen, eta oso-oso pozik gaude".

Partida amaitu eta Pulpokoek jokalariekin argazkiak ateratzeko aukera izan zuten, gainera, eta partidan zehar Bera Berako jokalariek sinatutako elastikoa ere zozkatu zuten. Edurne Aizpuruak irabazi zuen hori. Narbaizak umorearekin hartu du; "bikotekidea dut Edurne, eta tranpa egin genuela ere entzun behar izan genuen, kar-kar-kar".