Jendetza elkartu da Orion lehengo asteko eraso matxista salatzeko

Iñigo Gaiton 2022ko ots. 5a, 14:37

Zumaiako Mugimendu Feministak eta Malen Etxeak ere bat egin dute gaurko deialdiarekin. Bailarako herritarrek erantzun zabala eman diote Urola Kostako mugimendu feministak egindako deialdiari, eta jendetza izan da gaur goizeko manifestazioan.

Gaur goizean, gaitzespen ozen eta irmoa eman zaio lehengo astean Orion izandako eraso matxistari. Urola Kostako mugimendu feministak eskualde mailako elkarretaratzea deitua zuen gaurko, eta kale agerraldiak jende asko elkartu du. Orioko Xaltxerek, Zarauzko Bilgune Feministak, Zarauzko Morroxkek, Getariako Mariñakek, Onekak, Zumaiako Malen Etxeak eta Zumaiako Mugimendu Feministak sinatu zuten manifestazioaren deialdia, eta Orioko Udalak ere mobilizatzera dei egin zien herritarrei.

Hala, Orioko eta inguruko herrietako jende asko elkartu da plazan hamabietan, eta handik oinez abiatuta, kaleetan indar handiarekin zabaldu dute erasoaren aurkako aldarria. Amaieran, plazara itzulita, manifestu bat irakurri dute herri desberdinetako ordezkariek. Irakurketa bukatutakoan, txalo eta oihu artean eman zaio amaiera kale agerraldiari.

Erlazionatuak

Bideoa: "Erasorik ez, erantzunik gabe!"

Iñigo Gaiton - Maialen Etxaniz 2022 ots 05 Zumaia