Iñigo Peña Olinpiar Jokoetan

Seigarren izan dira Peña eta Cubelos Tokioko finalean

Gorka Zabaleta 2021ko abu. 5a, 06:32

Paco Cubelos eta Iñigo Peña Tokioko Jokoetan. Argazkia: Jose Mendez / EFE

Finalean ez dira dominaren lehian sartzeko gai izan eta azkenean seigarren izan dira Iñigo Peña eta Paco Cubelos Olinpiar Jokoetako K2 1000 metroko proban. "Guk dena eman dugu, baina bost ontzi azkarrago iritsi dira", adierazi du Peñak, estropada amaitu berri.

Tokion podiuma zapaltzeko itxaropen handiak zituen Iñigo Peñak, azken urteotan nazioarteko mailan jokatutako txapelketa guztietan aurrealdean ibili delako. Tokioko lehiaketan urratsez urrats joan dira, helburuak betez, eta prest zeuden finalean azken kolpea jotzeko. Baina amets berbera izango zuten finaleko beste zazpi ontzietako aurkariek. Peñak eta Cubelosek bezala, seguru urteak daramatzatela dena ematen hiru minutu pasako azken estropadan kirolaren gailurrera iristeko. Meritu itzela denek; loria olinpikoa, baina, gutxi batzurentzat izaten da. Podiumak ihes egin dio Iñigori, baina munduko seigarren postua miresgarria da. Itzela. Orain hondoa jota egongo da, baina denborak jarriko ditu bere lekuan kirolari bikain honen balentriak.

Zortzigarren kaletik abiatu dira Peña eta Cubelos, erdiko kaleetatik Australiako eta Alemaniako ontziak. Irteeran bizi, aurreikusitako gidoia jarraitu du estropadak lehen erdian. Green eta Van der Westhuyzen australiarrak hasieratik buruan jarri dira eta Hoff eta Schopf alemaniarrak gertutik eutsi diete. Peña eta Cubelos, bosgarren postuan pasa dira lehen 250 metroetan, segundo pasako atzerapenarekin. Lan erdietara atzerapen handiagoarekin iritsi dira, hiru segundokoa, eta podiuma oso garesti jartzen hasi zaie. Aurrean Australia eta Alemania sendo. Azken txanpan hortzak estutu eta erritmoa igo dute Peñak eta Cubelos, baina gaur ez da nahikoa izan. Helmugan seigarren sartu dira, burutik bi segundora.

Green eta Van der Westhuyzen australiarrek irabazi dute urrea, zilarra Hoff eta Schopf alemaniarrentzat izan da, eta brontzea Dostal eta Slouf txekiarrentzat. Nadas eta Kopasz hungariarrak izan dira laugarren, Zeelanda Berriko Brown eta Imrie bosgarren, Peña eta Cubelosen aurretik, eta azken bi postuetan Borikau-Yurenia (Bielorrusia) eta Bu-Wang (Txina) sailkatu dira.

Peña: "Dena eman dugu"

Podiumetik kanpo gelditu direlako atsekabetuta baina, era berean, egindako lanarekin lasai mintzatu da Iñigo Peña finala amaitu berri: "Estropada ona egin dugula uste dut, dena eman dugu. Aldez aurretik entrenatzailearekin zehaztutako estrategia bete dugu, pentsatutako estropada egin dugu, baina ez da podiumera igotzeko nahikoa izan, bost ontzi gu baino azkarrago iritsi dira helmugara".

 

Erlazionatuak